Moonshakers taldearen berriena ‘Zarata’ tartean
Talde bizkaitarrak lan berria kaleratu du eta horren lagin bat ekarri digu aste honetan Iker Bárbara, Zarata Mondo Sonoro aldizkariko zuzendariak. Horrez gainera, Belakoren berriena, Hofe eta La Élite taldearen arteko kolaborazioa eta Agara proiektu interesgarria ere ekarri dizkigu bilbotarrak.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Agara - Ongi onddo
«Ez da proiektu berria baina sorpresan harrapatu gaitu Agarak. Duela bi urte halako disko txiki bat dago. Jones Agara dago proiektuaren atzean, ezezaguna guretzat, baina taldean Joseba Irazoki, Joseba B. Lenoir, Mikel Irazoki, Fernan Irazoki eta Julen Postigo daude taldean, eta, grabaketan, Martxel Arkarazo. Sekulakoa. 70etako psikodelia gogoratzen duen azalarekin aurkezten du kantua, abestiaren dituluarekin bat egiten duena», kontatu digu Iker Bárbarak. Agarak aurretik Satelitik taldean ere jo zuen eta han Ibai Gogortza bezalako musikariekin elkartu zen.
Moonshakers - El pantano
«EP berria aurkeztu dute eta soinuari buelta bat eman diote ‘Monstrencas, Vol. I’ lan honetan. Orain arte nahikoa rock zuzen eta bertikala egiten zuten eta hemen iradokitzaileago, anbientalago, agertu direla esan dezakegu», dio bilbotarrak. Taldea %100ean emakumeek osatzen dute eta halako erreferenteak garrantzitsuak dira: «Vulcanizadas taldearen abesti bat ere zabaldu genuen Zaratan edota aurrekoan Melenas taldea ere aipatu genuen tarte honetan, baina ez daude hainbeste talde erabat emakumeez osatutakoak, hortaz, halako taldeak aipatu behar dira».
Belako - White Lies
«Lantzen ari diren ibilbidea sekulakoa da eta ingelesez abesten. Askotan esaten da euskaraz abestuz kanpora zabaltzea zaila dela, baina ingelesez ere ez da gauza erraza izaten. Gainera, Euskal Herriko jarraitzaile kopurua ere murrizteko arriskua hartzen duzu hizkuntza hautuarekin. Mad Cool, FIB, Boga-Boga, Ebrovisión edota Rockland jaialdietan izango dira mungiarrak, irailaren 8an ‘Sigo regando’ diskoa kaleratu aurretik», aurreratu digu Iker Bárbarak.
Hofe x 4:40 & La Élite - Vampireando
«Tarte honetan asko gustatzen zaizkigu kolaborazioak eta, gainera, La Élite bezalako bikote bat sartzen bada tartean, are gehiago. Bartzelonakoak dira, punk berria egiten dutela dio askok eta baita berek ere azken diskoaren titulua hori baita. Zuzeneko oso dibertigarria dute», dio Iker Bárbarak. La Éliteko Nil Roig Yung Prado bezala ere ezagutzen da eta hortik akaso lotura gehiago duen Hofek, baina, bestalde, Montgrí zigiluarekin dabiltza eta hor Vulk taldearekin lotura ere badago: «BIMEren barruan ere akaso sortuko zen saltsa hori, baina Chill Mafiaren bueltan dabil baita Hofe ere eta Ben Yart edota Kiliki Frexko ari gara ikusten kolaborazio asko egiten».