IRRATIA

«Euskal Herriko erraldoirik garaienak egitea ustekabeko kontua izan da»

Alegian daude itxuraz Euskal Herriko erraldoirik garaienak, Joanito eta Karmele. Hala diote Jabier Landak eta Hektor Colinasek, erraldoiak egin eta kalean dantzan eginaraztearen arduradun nagusiek.

Hektor Colinas eta Jabier Landa Bigarren Kafean. (Bigarren Kafea)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Pandemia garaian etxean semeak proposatuta egin zuen Landak lehen erraldoia. «Semearentzat erraldoi txiki bat egin genuen eta Santxo izena jarri genion, Nafarroako erregearen omenez. Ondoren Tartalo erraldoia etorri zen eta haren ostean hasi ginen erraldoi handiak egiteko ideiari bueltaka».

Landaren aitak eta erretiroa hartutako herriko arotz batek egin zituzten egiturak. Egurrezko listoien neurrira egin zituzten eta orduan ohartu ziren oso altuak zirela. «Neurtu genituen eta 4,28m eta 4,26m zituztela ohartu ginen. Datuak begiratzen hasi eta ordura bitartean garaienak bezala jotzen ziren Donostiakoak baino altuagoak zirela ikusi genuen. Tunelek edo kableek arazoak sortarazi ditzakete altuera horrekin baina guk gure herrian ez dugu arazo hori».

Behin erraldoiak eginda, haiek dantzan jarriko zituzten pertsonak bilatzea izan zuten hurrengo erronka. «Hasieran herriko inguruko jendea animatzen hasi ginen eta prozesuan zehar bezala, profesionala ez de jendea baina herria mugitzeko asmo onez lanean aritzen direnak animatu zaizkigu». Uztailaren 14an Alegiako jaien baitan aterako dira kalera eta hitzordu horretarako «astero gogor entseatzen» ari direla esan digu Colinasek.

Joanito eta Karmele izenak herriko ohiturei lotuta daude. Alegiako jaiak Karmengo amaren egunaren bueltan ospatzen dira baina duela urte ugari San Juan eguna ere ospatzen zen. Hortik datoz izenak.

Entzun Jabier Landarekin eta Hektor Colinasekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.