IRRATIA

«Ez genuen dantza eskaparate moduan soilik aurkeztuko zuen jaialdia nahi»

Ekainaren 8tik 11ra bitarte ospatuko da Pasaiako Dantza Festibalaren bosgarren edizioa, Antxon. Aiert Beobide gonbidatu dugu KulturHariara, aurtengo programaren ertz guztiak ezagutzeko asmoz. Jone Amezagak eta Manu Gaignek, bestalde, 'Remedios Vals' sorkuntzaren berri eman digute.

Jone Amezagak eta Manu Gaignek sortu dute 'Remedios Vals' (Pasaiako Dantza Festibala)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Bosgarren edizioa ospatuko du Pasaiako Dantza Festibalak. Hazten eta hazten dabilen jaialdia da; erreferente bilakatu da euskal konpainia handientzat, baina hasi berrientzako ere plaza bikaina bihurtu da. Ekainaren 8tik 11ra bitarte eskaintza zabala antolatu dute. Topoko lurperatze lanak direla-eta, espazio berriak konkistatuko ditu jaialdiak: skate park-a eta Luzuriaga parkea, esaterako.

Iker Murillo omenduko dute larunbatean. Dantzari pasaitarrak, nazioartean ibilbide luzea egin ostean, erretiroa hartuko du oholtzetatik. Herri mailako aitortza berezia egingo diote 13:00ean Biteri Plazan.

‘Remedios Vals’, absurdoa 3/4 konpasean

Jone Amezaga dantzaria da eta Manu Gaigne perkusionista. Bi diziplinen arteko hizkuntza komun bat bilatu dute: «musika eta dantza maila berean jarri nahi izan ditugu». Dantzaguneako diru-laguntza bati esker hasi ziren 2020ean elkarrekin lanean. Dantza, musika eta hitza jolastuz uztartu dituzte, osotasun bat lortuz. Eta, horretarako, absurdora jo dute azkenean: «absurdora iritsi gara, ez zen helburua. Absurdotasun horretatik edozeinengana iritsi gintezkeela konturatu ginen».

Lanaren izenak ere badu absurdotik, edo umoretik behintzat, bai. ‘One apple a day keeps the doctor away’ esamoldetik eratorritako ideia da ‘Remedios Vals’. «Pertsona baten izena ere izan zitekeen, grazia egiten zigun».Valsak protagonismo berezia hartu du pieza honetan: «denon iruditegian dagoen zerbait da valsa, erraz sentitu daiteke erritmoa».  Bilbon, Logroñon eta Santanderren ibili dira pieza eskaintzen eta ostegunean lehen aldiz kalean eskainiko dute.