IRRATIA

1933an bozkatu zuten lehen aldiz emakumeek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

Hego Euskal Herrian, 1933ko azaroaren 5ean bozkatu zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autonomia Estatutua eta emakumeek lehen aldiz izan zuten bozkatzeko eskubidea. Maddi Olaziregi historialariak azaldu digu testuingurua.

Maddi Olaziregi historialaria (Naiz Irratia)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Maddi Olaziregi historialariak azaldu duenez, Bigarren Errepublika Espainolean emakumeen boto eskubidea 1931ko urriaren 1ean onartu zen. Hala ere, aurretik horrek errepublika arriskuan jarriko ote zuen zalantzan egon zen. Izan ere, ezkerreko alderdiek uste zuten emakumeen aurka bozkatuko zutela batez ere eliza katolikoarekin zuten harremanagatik.

Hortaz, eskubidea ematea atzeratzearen aldekoak ziren, emakumeek formakuntza politikoa eta prestakuntza behar zutela uste baitzuten, beraien kabuz pentsatzeko gai ziren arte. Bere alderdi politikoa, Partido Republicano Radical, emakumearen botoaren aurka zegoen bitartean, Clara Campoamor diputatua alde egon zen eta bultzatzaile nagusietako bat izan zen.

Behin lortuta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako emakumeek erabili zuten bozkatzeko eskubidea lehenengoz, 1933ko azaroaren 5ean, Autonomia Estatutuaren erreferendumean. Olazaregik nabarmendu duenez, emakumearen botoarekiko eztabaida desberdina zen Hego Euskal Herrian, EAJk, euskal nazionalismoak eta erlijio katolikoak indar handia zeukaten gizartean eta ez zen kezka bat katolizismoak Estatutuaren aurka egingo ote zuen.

Beranduago, azaroaren 19an, emakume espainolek botoa eman zuten lehen aldiz, hauteskunde orokorretan. CEDA eskumako blokeak irabazi zuen eta ezkerrekoek emakumeei errua bota zieten. Hala ere, Maddi Olaziregik arrazoiak bestelakoak izan zirela defendatzen du: «ezkerra banatuta eta antolatu gabe aurkeztu zen hauteskundeetara eta, gainera, Casas Viejaseko gertaerak ezkerrarekiko desilusioa areagotu zuen».

Olaziregirentzat «garrantzizko hitoa» izan zen emakumeek bozkatzeko eskubidea lortzea, Hego Euskal Herrian ere, eta «ospatu beharrekoa» dela uste du.