Ostiral honetan estreinatuko da 'Postdatarik gabeko gutuna'
Xake Produkzioaren laugarren antzezlana da 'Postdatarik gabeko gutuna'. Kepa Errastik idatzi eta Getari Etxegaraik zuzendu du. Mikel izeneko presoaren azken 60 kondena-minutuen kontakizuna da obra. Oinarrian bakarrizketa bat izan arren, hitzik gabeko komunikazioak ere lekua hartuko du.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Bakarrizketa bat egiteko asmoa eta gogoa zuen Kepa Errastik, baina prozesuak aurrera joan hala antzezlanak bestelako forma hartu zuen. Bakarrizketa bat da 'Postdatarik gabeko gutunak' antzezlanaren funtsa, baina oholtza gainean bi antzezle daude: Kepa Errasti eta Nerea Ariznabarreta.
Mikel du izena protagonistak. Kartzelan bost urte eman ostean, 60 minutu besterik ez zaizkio falta askatasuna eskuratzeko. Etorkizunari begiratu ordez, baina, bestelako burutapenak izango ditu Mikelek kezkagarri. Urteetan zehar gutun anonimoak jaso ditu. Azkena du faltan irakurtzeko, baina zaila egingo zaio gutunazala zabaltzea. Defentsa mekanismo bat bilakatzen dira gutun anonimoak, datorren bizitza berriari begiratzea saihesteko tresna.
Mikel ez da bakarrik egongo zelda horren barruan. Bakarne, Nerea Ariznabarreta, bere lagun imajinarioa da eta egiteko zehatz bat du: azken gutuna irakurtzea. Bakarne berezia da, charlotez mozorroturiko piano-jole mutua da. Elkarrizketan izango dira Mikel eta bera, bata hitzez komunikatuko da eta bestea keinu eta musikaren bitartez.
Musikak rol berezia jokatzen du obra honetan. Mikel Nikaraguan jaiotako euskalduna da. Eta horregatik, Pablo Milanes edota Silvio Rodriguez kantautoreen kantuak entzun ahal izango dira antzezlanean zehar, besteak beste.
Testua Errastik idatzi duen arren, gutunak ez dira bereak. Bigarren ahots baten beharraz jabetuta, Iñigo Legorbururi eskatu zion egitek hori. Getari Etxegarai arduraduna da obraren pieza guztiak batu eta antzezlanaren osotasuna lortzeaz.