IRRATIA

«Eskuinak gobernatzea ez dela ona esateak Iruñerako ere balio du»

Joseba Asiron Iruñea gobernatzeko prest dago. Ziurtzat du eskuinak ez duela gehiengo absoluturik lortuko eta EH Bildu da, bere esanetan, alternatiba bakarra. Hauteskunde kanpaina hasi eta ordu gutxitara Naiz Irratiko mikrofonoetan izan da.

Joseba Asiron (Naiz Irratia)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Gogotsu eta ilusioz ekin dio Joseba Asiron EH Bilduren Iruñeako alkategaiak hauteskunde kanpainari. Inkestez galdetuta, nabarmendu du guztiak haintzat hartuz bi elementu nabarmentzen direla, batetik, eskuinak ez duela gehiengo absoluturik eskuratuko eta, bestetik, egoera horretan EH Bildu dela alternatiba bakarra.

Asironek baieztatu du azken legealdian Iruñean eta Nafarroako hiriburutik kanpo ere argi gelditu dela koalizioa indar fidagarri bat dela. Bada, EH Bilduk besteei eskeini diena bueltan jasotzea litzateke zentuzkoena bere esanetan. Litekeena da PSN giltzarri izatea Iruñeako alkate berria zehazterako orduan. Azken legealdian PSNrekin elkarlanean aritu direla nabarmendu du Asironek eta Elma Saizek Maite Esporrinen lekua hartu izana ez da funtsezkoa beretzat, «arazoa sakonagoa da». Gakoa da, bere esanetan, erabakiak non hartzen diren, «hainbat alderditan Iruñearentzat garrantzitsuak diren gauzak ez dira Iruñean erabakitzen, dramatikoa da». Aldarrikatu du ezkerrak argi duenez eskuinari gobernatzea eragotzi behar zaiola, printzipio hori Iruñean ere aplikatu behar dela, «eskuina gobernuan egotea ez bada ona horrek balio du Madrilerako baina baita Iruñearako, Madrilerako txarra dena ezin da ona izan Iruñearako, saiatu behar gara eskuina instituzioetatik aldentzen».

«Prest bihar bertan berriro hiria gidatzen hasteko»

Oposizioan asko ikasi duela baieztatu du eta EH Bildu prest dagoela berriro alkatetzara salto egiteko, «alkatetzan asko ikasi nuen eta oposizioan ere, eta garrantzitsuena talde bezala lau urte hauetan formatzen jarraitu dugu eta badugu talde bat prest bihar bertan hasteko berriro hiria gidatzen». Lehentasunak ere argi ditu, nagusiena politika sozialak eta bereziki etxebizitza, «arazo handi bat da, Iruñean prezioak gehiengo historikoan daude, gazteen kontra doa hori, egoera larrian daudenen kontra». Halaber, Sarasate pasealekua birmoldatzea nahiz Iruñea berriro berdintasunaren aldeko ikur bihurtzea ere funtsezkoatzat jo ditu.