IRRATIA
Entrevue
Miren Echeveste
Podemos-Ezker Anitza-Berdeak-AV Gipuzkoako ahaldun nagusigaia

«Sartu behar gara nola edo ahala gobernuan, bestela Gipuzkoak galdu egingo du»

Podemos, Ezker Anitza, Berdeak Equo eta Alianza Verderen Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaida da Miren Echeveste, azken lau urteak «aukera galdua» izan direla dio eta «ezkerreko koalizioak egiteko prest» daudela. 

Miren Echeveste (Naiz Irratia)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean Gipuzkoako Aldundian gobernu aldaketa nahi luke Miren Echeveste ezkerreko hautagaiak, «sartu behar gara nola edo ahala gobernuan egoera aldatzeko, bestela Gipuzkoak galdu egingo du», bere esanetan. Izan ere, NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan nabarmendu du «aukera galdua» izan direla azken lau urteak, «EAJk temati jarraitzen du, ez du aldaketarik nahi, baina progresista izateko etorkizunari aldatzeko asmoarekin begiratu behar zaio: aukera galdua izan da azken legegintzaldia eta aukera galtzen jarraitzeko asmoa dute». 

Irungo zinegotzia da Echveste gaur-gaurkoz, Elkarrekin-Podemos PSEren eskutik ari da gobernatzen bertan; ondo-ondoan EH Bildurekin elkarlanean ari da Oreretan; zer aliantza josi asmo ditu Aldundian? «Ezkerreko koalizioak egiteko prest gaude», dio, «baina programa adostuta, politikak adostuta». Bere hitzetan galdera da «zer egingo dugu?» eta fiskalitatea, gizarte kohesioa, integrazioa eta lehen sektorea aipatu ditu; baita etxebizitza ere. 

Azken honen inguruan EAJk Etxebizitza Lege berria baliatzeko asmorik ez duela deitoratu du, «ez da Ayuso bezain argia izan baina adierazi du ez duela garatzeko asmorik». Eskumenak tokiko instituzioenak diren neurrian «ezerezean» geratzeko arriskuaz ohartarazi du, «baina guk bultzatuko dugu hala ez dadila izan eta instituzio guztietan egingo dugu». 

Inkesten garapena 

Bi eta hiru eserleku artean eman dizkiete orain arte inkestek ezkerreko koalizioari Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Echevesteren esanetan maiatzaren 28a bitarte goranzko joera izatea espero dute, «kanpainan alderdi guztietan jartzen delako fokua eta ondorioz gure mezua helarazteko aukera izaten dugu».