«Txikitatik entzun nuen aita euskaraz, kontaktu hori banuen, baina, ezin nuen parte hartu»
Mikaela Goicoechea estatubatuarraren aita duela 60 urte joan zen Euskal Herritik hara, artzai lanetara. Mikaela duela bi urte Euskal Herrira etorri zen eta hemengo hizkuntza ikastea erabaki zuen.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Euskal Herriak zazpi probintzia dituela azpimarratzen dugu beti, baina zortzigarren bat ere badago, munduan zehar dagoen probintzia: Euskal Diaspora. Beti entzun izan dugu bere garaian pertsona askok migratu behar izan zutela, eta gaur egun euskarak baditu bere txokoak Argentinan, Japonen, Mexikon edota Ameriketako Estatu Batuetan adibidez. Wyomingo Rock Springs herrian ere badu bere tokia gure herriko hizkuntza eta kulturak ere.
Bertakoa da Mikaela Goicoechea, duela bi urte Euskal Herrira etorri eta bertako hizkuntza eta kultura ikastea erabaki duen gaztea. Goicoechearen aita duela 60 urte artzai lanetara joan zen, bertan geratu zen, eta bertsolaritzan aritzen bada ere, etxean ez dute euskara erabili orain arte. «Txikitatik entzun nuen aita euskaraz hitz egiten lagunekin; bertsotan entzuten nuen; kontaktu hori baneukan, baina, ezin nuen parte hartu», azaldu du Mikaelak.
Horren aurrean, eta beti izandako jakinmina kontuan hartuta, duela bi urte Euskal Herrira etorri eta barnetegi batean izen ematea erabaki zuela esan du Goicoecheak. Gainera, lehen hilabeteak zailak egin zitzaizkiola aitortu du: «Zerotik hasita zaila izan zen, baina poliki-poliki ikasten jarraitu nuen eta orain komunikatzeko gai naiz».
«Datorren hilabetean AEBtako 50 bat gazte etorriko dira Goierrira, euskara klaseak jasoko dituzte eta horren bidez hemengo jendearekin harremanak sortzea nahiko genuke», kontatu du. Bertan haien bidelagun izango da Mikaela, eta espero du bera bizitzen ari den esperientzia polita bizitzea haiek ere.