IRRATIA

«Bizitzan behin egiten den proiektu horietako bat izan da disko hau»

'Ez da horren sinplea' diskoa besapean hartuta etorri da Bigarren Kafera Jexuxmai Lopetegi musikari zarauztarra. 12 kantu jaso ditu bertan eta guztira 22 musikarik hartu dute parte grabaketan.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


«Inguruko jendearekin egin dut lan. Zarautzen musika irakasle jardun naiz eta musika eskolaren bueltan ezagututako musikariek hartu dute parte. Zorte handia izan dut. Proposamenak bota eta denek berehala esan zidaten baietz».

Jazz eta rock estiloak dira nagusiki diskoan baina bakarlari formatura hurbiltzen diren kantuak ere jaso ditu. Abestiak ekoizle ezberdinekin lantzerako orduan malgu jokatu behar izan ote duen galdetuta, «ez dela zaila izan» erantzun digu. «Nik norbaiti abestiren bat bidaltzen diodanean, nahiko maketeatuta dagoen zerbait bidaltzen diot. Gero kantua lantzen duen kide bakoitzak bere kutsua emango dio, baina ideia aurretik nahikoa finkatuta egoten da».

Zuzenekoei begira, diskoa argitaratu eta hilabete batzuk itxarongo du kontzertuak ematen hasteko. «Lehena Zarautzen izango da ekainaren 2an. Formatu handiko kontzertu bat izango da eta musikari askok hartuko du parte. Gero atsedenaldi bat hartzea da asmoa. Udazkena luze joaten da hemen».

Entzun Bigarren Kafeko elkarrizketa akustikoetan Jexuxmai Lopetegik kontatu diguna.