«Ekologia ere ez dadila patriarkatutik elikatu»
Lurra eta bizitza suntsitzen duten proiektuen gaineko ardurak bultzatuta, martxoaren 4an jardunaldi agroekofeminista antolatu zuen Aramaion bertako talde feministak. Irati Mujika eta Andere Ariolabengoarekin hitz egi dugu Gelditu Makinak saioan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Zer antolatu zenuten pasa den martxoaren 4an?
Andere Arriolabengoa: Topaketa agroekofeminista bat emakumeen ahotsa entzunarazteko eta elkarrekin hausnarketa kolektibo bat egiteko. Adierazpen testu bat sortu nahi genuen kezka komunak eta guztion lurra zeharkatzen duten makroproiektu txikitzaileek gure gorputzetan, bizitzetan, zapalkuntzetan eta bizitzetan duen eragina ikertu eta alternatibak proposatuz. Orain, jasotako ideia guztiak bildu eta testu bateratu bat sortu nahi dugu.
Nondik sortu zitzaizuen antolatzeko ideia?
Irati Mujika: Martxoaren 8aren bueltan zer antolatu ari ginen pentsatzen eta gure herrian, Aramaion, pil-pilean dagoen gaiari heltzea erabaki genuen: zentral eolikoen proiektuari. Baina badakigu AHTak zeharkatu gaitula eta EHko beste eremu batzuetan AHTren gaineko kezkak eta espropiazioak ematen ari direla eta bestelako makroproiektuak horren barruan ulertzen genituen (makrogranjak Caparroson, tomate hidroponikoak Araban, nekazal lurren espekulazioa Kanbon…). Guztiak ezin dira poltsa berean sartu baina guztiek eragiten digute kezka eta ez gaude ados helburu ekonomiko-kapitalistei erantzuten dien proiektu guzti horiekin.
Aramaioko talde feministako kide gehienok ekologistak ere bagara eta, nahiz eta nekazaritzatik bizi ez, nahi genuen gai hauek ikuspegi feminista batetik lantzea. Halaber, beste ikuspuntu batzuen ekarpena ere egin nahi genuen landa-eremutik.
Aramaiotik Euskal Herrira zabaldu zenuten deia. Ba al dago gai ekosozialekin kezkatuta dauden emakume ekologistak eta feministak saretzeko bestelako ekimenik?
A.A.: Jardunaldia bukatzean balorazioak eskatu genituen jakiteko bertaratu ziren emakumeek zelan ikusten zuten Aramaion antolatutakoa eta zelan ikusten duten beren burua horretan. Harrigarria izan zen gehien atera zena izatea horrelako espazioak falta direla, hau da, ekologismoa eta feminismoa uztartzen dituen sarearen falta. Beraz, lehen helburua da bakoitzak bere herri, esparru edo mugimenduetara zabaltzea hausnarketa eta ondoren, ea gai garen sare bat osatzeko.
Ikuspegi feminista erantsi nahi diozue, batez ere, ekologia ikuspegitik lantzen diren proiektuei. Zergatik?
I.M.:Emakumeek prozesu hauetan behar dugulako protagonismoa. Askotan ikusten dugu, gure herrian bertan, eolikoen gaia lantzerakoan, zenbat gizonezko jartzen diren palestran, adituak, eta MW eta ingeriaritza kontutan korapilatzen garela askotan eta, ikusten genuen, gure milurtekako esperientzia dugula bizitzak zaintzen eta sostengatzen eta ikuspuntu eta jakintza hori ere ezinbestekoa dela auzi hauetan. Sumatzen dugu jakintza batzuk alboratzen direla eta nahi duguna da ekologismoa ere ez dadila patriarkatutik elikatua izan.
Ze dinamika egin zenituzten jardunaldian?
I.M.: Garrantzia handia eman diogu elkar ezagutzeari eta elkarren motibazioen berri izateari, beti ere, saretzera bidean. Hortik aurrera, edukiak lantzeko dinamikak bi ataletan banatu genituen: batetik, analisia eta, bestetik, alternatibak. Analisian lurra eta bizitza suntsitzen duen sistema aztertu genuen geure posiziotik eta eragile desberdinen ahalmena presente izanda. Alternatibak lantzerako orduan, berriz, hiru ardatzen gainean aritu ginen bereziki: desazkundea, emakumeon partehartzea eta duintasunez bizitzeko zer behar dugun eta nola eskuratuko dugun.
Espektatibak bete ziren?
A.A.: Beti ez da erraza espektatibak betetzen, batetik, geureak zeudelako, antolatzaileonak eta, bestetik, parte hartzera etorritakoenak. Oso pozgarria izan zen ikustea jendea zeinen motibatuta etorri zen jardunaldietara; batzuk lehendik hausnartutakoak ziren eta beste batzuk ziren makroproiektu horien eraginak egunerokoan bizi dituztenak. Oso aberasgarria da beste batzuen errealitateak entzutea eta kolektiboki lantzeko bidea ematea. Hemendik aurrera, ea saretzea lortzen dugun eta gure lurraren defentsarekin lotutako dinamikak plazaratzea eta gure presentzia areagotzea.
Jardunalditik zer nabarmenduko zenukete?
I.M.: Egukiari dagokionez, jasota ditugu gehien errepikatu ziren ideiak. Esaterako, sistemaren analisia egiterakoan, aipatzen zen proiektu txikitzaileetan baliabide publikoak erabiltzen direla etekin pribatuetarako eta horrelako makroproiektuek komunitatea apurtzen dutela. Askotan, paisaia eta lurraren suntsipenaz gain, komunitateak fisikoki ere erdibitzen dituzte eta administrazioa, auzi honetan gure aldekoa behar lukeena, ekozidioaren erantzule eta konplize da. Landa eremuko egoerari dagokionez, berriz, azpimarratu zen ideietako bat izan zen despopulazioa plan bat dela eta desplazamenduak bultzatzen direla herri txikiak baliabidez hustu eta lo-leku bihurtuz eta hori lotuta dagoela, ondoren, lurraren espekulazioarekin. Gure ekoizpen eta kontsumo ereduan, bestalde, oso ideia polit bat atera zen kontsumoaren eta zoriontasunaren desbinkulazioaren gainekoa. [Nabarmendutako ondorio gehiago audio elkarrizketan].
Aurrera begira, zer egiteko asmoa duzue jasotako edukiarekin?
A.A.: Lehenik eta behin, testu bateratu bat osatuko dugu eta mugimendu feminista eta ekologistan partekatuko dugu. Horrez gain, aurrera begira, masa kritiko bat sortzeko beharra agertu zen, baita Euskal Herri mailako topaketa indartsu batzuk egitekoa ere. Ikusiko dugu bigarren hori zertan geratuko den baina, printzipioz, egutegian markatuta daukagun ekitaldi bat Iraultza Txikien Akanpada da. Uztailean izango da, Izarran, eta interesgarria izango da bertan topaketa agrofeminista bat txertatzea.