Nize, Ayvee, Otoi martxoko ‘Beste Bat’ saioetara gehitu dira
Euskal Herriko musika taldeak ezagutzen jarraitzen dugu hilabetero NAIZ irratian 'Beste Bat' saioen bidez. Otoi, Nize eta Ayvee musikariak arituko dira saioak egiten, finkoak diren Ihana Iriondo eta Julen Leturiondorekin batera.
Hilabete hasiera guztietan bezala aldaketa dator 'Beste Bat' saioetara. Finkoak diren Ihana Iriondo eta Julen Leturiondori hiru izen berri gehituko zaizkie: Otoi, Nize eta Ayvee.
Astelehenak Ihana Iriondo gasteiztarraren txanda izanen dira. Astearteetan, Urtzi Iza musikari eta ekoizlearen proiektu pertsonala da Otoi. Hainbat urtez, Enkore, Empty Files eta Sen Horx taldeetan aritu da gitarrista, teklista eta abeslari, besteak beste. 2022an kaleratu zuen 'Topohuts', Rocka eta elektronika uztartu dituen lana. Bilbon, ETEN espazio sonoroan grabatutako zen zazpi kantuko diskoa. Martxo hasieran kaleratu zuten 'Bustiz' kantuaren bideoklipa, eta hemen entzun dezakezue 'Beste Bat' saioetarako egin duen lehendabizikoa, eta Otoi proiektuaren inguruan gehiago jakin nahi baduzue gomendatzen dizuegu Iker Gurrutxaga lankideak Musikharia saioan egin zion elkarrizketa aditzea.
Asteazkenetan, Julen Leturiondo eibartar musikariaren txanda izango da. Hemen entzun ditzakezue orainartekoak. Ostegunetan, NIZE taldeak egindo du aukeraketa ‘Beste Bat’ saioetan. Arte Ederren fakultatean eratu eta urte eskasera kaleratuko zuen Nize hirukote gazteak lehenengo lana ‘Ezin’, 2022an iritsi zen bigarrena ‘Zu Lo Han’. Andrea, Niko eta Intzak osatzen dute rock doinuetan murgiltzen den NIZE.
Ostiraletan gerriak mugituko ditugu Tolosako AyVee abeslariarekin. Musika urbanoa egiten du AyVeek, batez ere, reggaetoia. AyVee ezizen artistikoa daraman emakume indartsua Tolosan jaio zen 1997an. Duela urte eta erdi pasatxo jasan zuen eraso matxista du hizpide bere disko berrian. NAIZ Irratian aritu da horri buruz.
Musika urbanoa egiten du AyVeek, batez ere, reggaetoia. ‘Medusa’ diskoaren baitan, abestiz abesti, kontatzen du bere esperientzia traumatikoa, ondoren etorri zen depresioa eta nola, pixkanaka, zulotik indarberrituta atera den. Epaiketa iritsi bitartean, justizia soziala egitea du helburu. 'Beste Bat' etako lehendabiziko saioa egin du jada AyVeek, reggetoia izan da saioaren protagonista, eta galdera bati erantzun dio: Zergatik hainbeste gorroto Reegaetoiari?