«Oso bizirik dago UEU»
Aitor Bengoetxea zuzendari berriak uste du lantalde sendoa duela 50. urteurrena ospatu berri duen erakundeak, baina «zer garen eta zer nahi dugun» ezagutaraztea ere baduela erronka. UEUren bi «hankak», euskara eta unibertsitatea, bultzatzen jarraitzeko ilusioz hartu du kargua.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Aitor Bengoetxea izango da Udako Euskal Unibertsitateko zuzendari berria, Kepa Sarasolari lekukoa hartuta. Erakundearen 50. urteurrena ospatu berritan, «anbizio eta ilusioz ondo» dabiltzala uste du Bengoetxeak. Zuzenbidean doktorea da eta EHUn Lan eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbide arloan irakaslea.
«Ez da nolanahiko ardura, moralki ardura bat da hainbeste jende eta ilusio biltzen dituen gune baten erakusleihoaren ardura izatea», azaldu du zuzendari berriak. Aurretik proiektuaren parte den inor zuzentzera beharrean, bere ekarpena egiteko asmoa dauka estreinatu behar duen postuan. 1991n izan zuen lehen kontaktua UEUrekin eta ordutik proiektuarekiko izan duen inplikazio maila aldatuz joan da.
UEUko sailen arteko malgutasuna azpimarratu du Bengoetxeak eta bere ustez «herrigintzara bideratutako eta nazio ikuspegia duten ikerketa lerroak hartzeko baliatu behar dugu diziplinartekotasuna». Hori izan zen, hain zuzen ere, erakundearen sorrerako helburua.
1.400 bazkide ditu gaur egun UEUk eta sarea handitzeko asmoa agertu du zuzendari berriak. Izan ere, «herrigintza proiektua gara eta atzetik daukagun hauspoaren arabera izango dugun indarraren arabera funtzionatuko dugu».
Bengoetxea ez da UEUko zuzendaritza taldeko kide berri bakarra, Maria Napal izango baita aurrerantzean Nafarroa ordezkatuko duen kidea, Ines Castillaren ordez. Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakaslea da eta EHUn Biologian doktorea. Bengoetxeak beharrezko ikusten du UEU eta iritzi berekoa da Napal ere, «bereziki Nafarroan euskarak unibertsitatean duen presentzia handitzeko». Gogora ekarri du Nafarroan ikasten dutenen ez dutela ikasketak euskaraz burutzeko aukerarik gradu askotan.