IRRATIA

Iñigo Urrutia: «Errekurritu ezean, erabat kontrako jurisprudentzia bat ezarriko litzateke»

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du legez kanpokoa dela Uliazpi Fundazioko lan deialdian euskararen ezagutza eskatu izana. Iñigo Urrutia, Administrazio Zuzenbideko irakaslearen esanetan, indarrean dauden hizkuntz eskubideak «airean» gelditu dira.

Iñigo Urrutia, Administrazio Zuzenbide irakaslea. (Endika Portillo | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Uliazpi Fundaziokoa ez da euskara eskakizunen aurkako lehen epaia. Aldiz, badu ezberdintasun bat. Iñigo Urrutia irakaslearentzat, «jauzi kualitatibo» bat egon da, orain arteko kasuetan epaileek euskara eskakizunen kontra ebazteko erabili dituzten argudioak bestelakoak izan direlako: ez zituzten kontuan hartzen EAEko hizkuntza araubideak. Azken epaiak, ordea, kontuan hartu ditu, baita atzera bota ere, Urrutiaren esanetan: «Epai honek hizkuntza eskakizunen araubideak konstituzioaren kontrakoak direla esan du. Momentu honetan babesgabe gelditu gara EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota duelako administrazioetako hizkuntza planifikazioak egiteko araubidea. Zorua erabat lokaztuta dago».

Auzitegiak Uliazpi Fundazioko 34 lanpostu publikoen lan-deialdiak baliogabetu ditu, eta honek jurisprudentzia sor dezakeela ohartarazi du Urrutiak. «Kasuari helegitea aurkeztu eta Auzitegi Gorenera eran ezean, kontrako jurisprudentzia ezarriko litzateke. Epai honek larritasun erantsi hori dauka», azaldu du. Hori dela eta, Administrazio Zuzenbideko irakasleak euskararen etorkizunari buruzko gizarte itun berri bat aldarrikatu du, gero legeetara eraman beharko litzatekeena.

Epaiketaren gastuak

Epai berriak bitxikeria bat duela zehaztu du Iñigo Urrutiak, epaiketaren kostuak epaileen kontura joan baitira. Urrutiak bertan ikusten du epaileak «legearen arabera jokatu beharrean botere legegilearena egiten» ibili direla, «hizkuntza eredu bat inposatu nahian».

Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea ezarriko duela aurreratu du. Iñigo Urrutiak «zail» ikusten du egoera kasua Auzitegi Gorenera iristeko. Hala ere, zirrikitu hori erreala dela dio, Auzitegi Gorenak zein Konstituzionalak emandako hainbat ebazpenen kontrakoa ebazten baitu Uliazpi Fundazioko epaiak.