IRRATIA

Doinuetatik Haratago | Mikel Asurmendi

Mikel Asurmendi Doinuetatik Haratago tartean izan da. (Bigarren Kafea)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Mikel Asurmendi egiatarra izan da aste honetako 'Doinuetatik Haratago' tarteko gonbidatua. Bere abesti kuttunen zerrenda osatu digu, bere bizitzan musikak aldarte ezberdinei soinu banda jartzen diela pentsatuta.  

Lehen kantu kuttun bezala Sorotan Bele taldearen 'Amaren besoetan' kantua ekarri digu. Atzerrian bidaiatzen egon denetan herrimina sortu dion abestia. Askori ezagun egingo zaie Sorotan Bele, generazio baten soinu banda osatu baitzuten ibilbide labur baina emankorrean. Lokartzeko erabiltzen diren kantu horien parekoa da Mikel Asurmendiren lehen kantu kuttuna, bere hitzetan, «Kantu honek beti transmititu izan dit goxotasuna eta etxekotasuna».

Mikel Asurmendiren bigarren kantu kuttuna Rise Against taldearen 'Behind closed doors'  izan da, «Gazteago nintzenean nuen amorru eta su horri eskainitako kantua da, kabitu ezinezko garai horietan entzuten nuena». 

Abesti mugitua dela aipatu digu, adrenalinaz betea, lortu nahi den horren aldeko borrokan jarraitzeko aldarria. «Beti aurkitu izan diot tarte bat mp3an, motibatzeko, edo presaka banabil pausoa azkartzeko».

Hirugarren kantu kuttuna Willie Nelson abeslari ezagunaren 'Bring me sunshine' abestia izan da. «Abesti hau beranduxeago deskubritu nuen, arretarik gabe entzuten ari nintzen horietako batean atentzioa deitu zidan».

Batzuetan sakontasunik gabeko letra sinple batek ere eragin dezakenaren inguruan aritu da Mikel abesti honen bueltan, egun eguzkitsu batean, kaletik pauso alaiean  imaginatzen du bere burua hau entzutean.  «Beti daukat erreserban, eguna ondo hasteko».

Azken kantu kuttunak bi dira, eta Mikelek abestiak “buklean” entzuteko duen joeraren erakusle dira. Jungle taldearen  'Bring me sunshine ' eta Tame Impala taldearen 'Borderline' ekarri nahi izan dizkigu.

«Gauzak oso buklean entzuteko joera daukat, egarria daukazunean ura edo zerbeza edatea bezala da, garunean frexko frexko sartu eta indarberritu egiten nauen zerbait».