Lehendabizi ‘Irati’, eta gero besteak...
Aste honetako gomendioetan Paul Urkijoren filmak leku berezia du, film fantastiko, epiko eta euskaldun hau ezin duzue alde batera utzi. Hori behin ikusita, zine-aretoetara iritsi da ‘The Quiet Girl’ irlandarra, eta etxean bertan zerbait ikusi nahi baduzue: ‘Corten’.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Noski, Paul Urkijoren ‘Irati’ da lehendabiziko gomendioa. Pasad en Sitgeseko zinemaldian estreinatu zen, Goya Sarietan ere izendatuen artean zegoen, eta orain Hego Euskal Herriko zine aretoetan.
IRATI (Paul Urkijo, 2022)
8. mendeko euskal lurretan kokatua, kristautasuna Europan zehar zabaltzen dabilen unea erakusten du pelikulak, kanpotik datorren erlijioak eta bertoko mitologiak talka eginez. Bailara bateko herritarrak kanpotar tropen aurkako gudarekin hasten da filma, eta tokiko buruzagiak mitologia itun bat onartuko du bere bizia emanez herrixka salbatzeko. Niri oso interesgarria egin zait pelikulak planteatzen duen talka. Kanpotik datorrena bertoko mitoaren aurka.
‘Irati’ Paul Urkijo zinemagilearen bigarren luzea da, bere lehenengo pelikula 2017an estreinatu zen ‘Errementari’ izan zen eta Netflix plataforman duzue ikusgai. Onerako harritu ninduen egia esan ‘Iratik’. Argazkia, artea, jantziak...benetan lan apartak dira. Zerbait negatiboa aipatzekotan, esango nuke mitologia agertzen den momentu ederrak alde batera utzita, filma nahiko konbentzionala dela. Horrelako film fantastikoak maite badituzue, hona hemen gomendio bat: 2021ean David Lowery estatubatuar zinemagileak kaleratutako ‘The Green Knight’.
THE QUIET GIRL (Colm Bairéad, 2022)
80. hamarkadako landa eremuko Irlandan kokatua, hainbat seme alaba dituen irlandar familia bateko alaba txikiena da pelikulako protagonista. Neska bakarti eta isila da, maitasun eta zaintza handirik gabe hezitutakoa.
Gurasoek erabakiko dute alaba senide baten etxera joatea, eta han, nahiz eta hasieran kostatu, ezagutuko ditu lehendabiziko aldiz maitasuna eta zaintza. Trama sinple honetatik benetan film eder bat sortu du Colm Bairéad zinemagile irlandarrak. Sentimendu handiz jositako drama gizatiar bat sortu du.
Azpimarragarria da ‘The Quiet Girl’ Berlinalean eta Valladolideko zinemaldian egon zela eta bietan lortu zituela sariak. Aipagarria ere bada Irlandak herrialdea ordezkatzeko aukeratua duela Oscar Sarietan, eta datorren martxoan lehiatuko dela ‘Close’, ‘Sin novedad en frente’, ‘Argentina 1985’ eta ‘EO’rekin.
CORTEN (Michel Hazanavicius, 2022)
MOVISTAR+en duzue niri izugarri gustatzen zaidan pelikula japoniar baten remake frantsesa. Michel Hazanavicius-en filma pasa den Canneseko zinemaldian estreinatu zen.
Ez da erreza film honen sinopsia egitea, beraz has gaitezen hasieratik: film luze bat egin nahi duten jende talde baten errodajean hasten da dena. Hortik aurrera gauza ezberdinak gertatuko dira, ero samarrak gehienak, eta hainbat biraketa dibertigarriarekin.
Remake hau oso ondo dago, baina are hobeto jatorrizko filma. ‘One cut of the death’, film diebertigarria eta oso freskoa. Filminen duzue ikusgai. Hazanaviciu zuzendariak baditu beste harribitxi batzuk, oso ezaguna egin zen ‘The Artist’ filma, besteak beste.