«Estatuak Egunkarikoak erabili gintuen euskal gizarteari abisu serio bat emateko»
Euskaldunon Egunkariaren itxieraren 20. urteurrenean, Martxelo Otamendik uste du herritarrek beren aurkakotasuna hain irmo erakutsi izan ez balute antzeko operazio gehiago iritsiko liratekeela. «Egunkariaren aurkako operazioa ezin zitekeen gauza isolatu bat izan beldurra sortzeko estrategian».
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Martxelo Otamendirengan ez du presentzia handitik duela 20 urte gertatutakoak. Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz Euskaldunon Egunkaria itxi eta zuzendaritzako 10 kide atxilotu zituen Guardia Zibilak 2003. urteko Otsailaren 20ean. Sei torturatu egin zituzten, tartean garaiko zuzendari Martxelo Otamendi. Euskal Herrian eta hemendik kanpo aurkakotasun izugarria eragin zuen operaziotik 20 urte igaro direnean, «hura pasata dago», adierazi du Otamendik NAIZ Irratian eta iraganari baino etorkizunari begira, «zorionez beste abentura batean sartu ginen eta nahikoa lan dugu hori kudeatzen», gaineratu. Baina bizipenaren kudeaketa pertsonala dela zehaztuz, torturatuak izan ziren sei lagunetatik hiruk minbizia izan zutela gogoratu du, bi hil egin zirela, Inma Gomila eta Juan Mari Torrealdai, eta bera dela bizirik jarraitzen duen bakarra, «oso estatitiska txarra daukagu». «Hau ez dut ahazten, asko kontatzen dut honetaz hitz egiten dudanean».
Operazio haren helburuari dagokionez, Juan Mari Torrealdairen tesi nagusietako bat mahai gaineratu du gaur egun Berria egunkariko zuzendari denak, «Torrealdaik asko insistitu zuen euskalgintza sozialaren kriminalizazioan. Guardia Zibilaren txostenean agertzen da euskararen sustapen instituzionala bidezkoa dela baina euskararen sustapen soziala ETAren menpekoa zela, bere agindupean egiten zela». Otamendik uste duena da «erabili» egin zituztela, «erabili egin gintuzten euskal gizarteari abisu serio bat emateko». Azaldu du hura Ibarretxe planaren garaia zela, «independentzia eta autodeterminazioa bezalako terminoek indar handia zuten alderdi politiko abertzaleen hiztegi politikoan» eta irrati tertulietan nahiz zutabe batzuetan hasiak ziren esaten «Euskal Herriko entitate jakin bat ETAren kutxa zela, hezkuntza egitura sistema bat ETAren haurtzaindegia zela edo Ibarretxek eman ziela agindua ertzainei ETAko kideak ez atxilotzeko». Hala, «inork espero ez duen zerbait egingo dugu» erabaki zuen estatuak bere esanetan eta ETAren menpe aritzea egotzi zioten Euskaldunon Egunkariari. Gainera, torturatu egin zituzten «jendeak ikusteko noraino zeuden prest zabalduta zegoen independentzia giroa gelditzeko».
«Politika oso baten» atariko itxi zuten Egunkaria Otamendiren ustez, baina herritarren erantzunak Estatuaren norabidea aldatu zuela uste du. «Gure atzetik urrats berriak etorriko ziren, gurea ezin zitekeen gazua isolatu bat izan beldurra sortzeko estrategian, baina jendearen erantzuna ikusita Estatuak esan zuen, ‘gelditu, ez zaigu ondo atera’».