IRRATIA

«Emari APPren helburua ezagutza zabaltzen joatea da»

Emari App aplikazioa mugikorrean jolasteko. (Bigarren Kafea. )

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


2023aren hasieran ikusi du argia EMARI APP mugikorretarako jolas autoekoiztuak. Emakume erreferenteak gizartean errotzea du helburu eta hori lortzeko jolas oso erraz bat planteatzen da. 5 pistekin eta 90 segundutan, eskatzen den emakumea nor den asmatu behar da. Historiako eta gaur egungo emakumeak ezagutarazi nahi ditu aplikazio honek. Jolas mekanismo sinplea duen jolasa da baina denboran iraupena eskatzen duena, egunez egun jokatzeko.

Aplikazioa garatu duen Kalaka enpresako Ilazki Gainza eta Nerea Uria izan ditugu Bigarren Kafean. Aplikazioak lehen aste hauetan izan duen harrerarekin gustura azaldu dira. «Oraingoz 1260 deskargatik gora izan ditu eta helburua ahalik eta erabiltzaile gehien lortzea da, ezagutza zabaltzen joan dadin».

2018an atera zuten liburuaren eta ondorengo mahai jokoaren ondotik dator aplikazioa. «Euskal gizartean euskararekin loturiko aplikazioak modan daude eta hori ikusita, irismen handia izan zezakeen tresna bat izan zitekeela pentsatu genuen».

Hilabetez hilabete datu basea handiagotzen joatea espero dute. «Orain arte jendeak jokoa nahikoa zaila dela esan digu. Jendearentzat erraza bihurtzea seinale ona izango da, ezagutza zabaltzen doanaren seinale izango delako».

Entzun Ilazki Gainzarekin eta Nerea Uriarekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.