Lander Peiro, Nafarroako grebaz: «Dirua badago, ez dugu onartuko bakarrik batzuentzat izatea»
LAB, UGT, USAE, ELA eta CCOO sindikatuek lanuzteak deitu dituzte «osasungintza publikoaren defentsan». Kexu dira administrazioak ezarritako %100 gutxieneko zerbitzuez. Enpresa batzordeak lantalde ezberdinentzako soldata igoerak defendatu ditu.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Osasunbidean greba egitea «oso zaila» dela deitoratu du, Lander Peiro, greba batzordeko ordezkariak. Aldarrikapenekiko «erabateko babesa» jaso arren, batzordeko kidea kexu da ezarritako zerbitzu minimoez. «Jendea ateratzea oso zaila da», zehaztu du.
Grebaren pizgarri izan dira Nafarroako Gobernuak eta Sindikatu Medikuak izan duten aldebiko negoziazioak. «Gobernuak medikuei esklusibotasuna kendu behar ziela esan zuenean, honek eztanda egin zuen», azaldu du Peirok. «Lerro gorritzat» definitu du afera, pribatizazioaren ateak zabal daitezkeelako.
Halaber, grebaren arrazoi badira ere «lan baldintzen babesa eta osasun sistema publikoaren defentsa». Lan batzordeak esklusibotasuna mantentzea, Osasunbidearen aurrekontuaren %25 lehen harretara bideratzea eta medikuentzako hobekuntza ekonomikoak.
Desadostasunak aldarrikapenetan
Berriki negoziazio mahaitik altxatu dira lan batzordea osatzen duten sindikatuak. Behargin mota guztientzako ibilbide profesionala aldarrikatu du Lander Peirok. «Ez gaude ados. Denak gara garrantzitsuak. Ibilbide profesional bat egiten bada, guztientzako izan behar da».
Hilean medikuentzako 400 euroko soldata igoera proposatu du Nafarroako Gobernuak. Batzordeko kideak soldata igoeran sinistu arren, «guztien artean banatzea», aldarrikatu du.