«Guk bidea egin behar dugu. Baina, gizonezkoen lana ere bada zientzian dagokigun tokia ematea»
Sektore erabat maskulinizatua izan da mendeetan zientziarena eta itzalpean egon dira urteetan emakumeek egindako aurkikuntzak eta beraien izenak. Emakume horiei argia emateko ikusgai dago Donostian 'Mundua aldatu zuten emakumeak' erakusketa.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
2017an sortutako Emakumeak Zientzian ekimenak emakumeek eta neskek zientzian erabateko eta bidezko parte-hartzea izan dezaten egiten du lan. Hori horrela, gaur egun, Donostiako Intxaurrondoko Kultur Etxean hainbat emakume zientzialariren inguruko erakusketa dago ikusgai otsailaren 8tik 28ra. Amaia Bernaras Gipuzkoako Parke Teknologikoko gerentea da eta baita Emakumeak Zientzian ekimeneko kide ere, berak azaldu dizkigu 'Mundua aldatu zuten emakumeak' erakusketako nondik norakoak.
Panelez betetako gelan gaur egungo zein historiako emakume zientzialariak ikus daitezke. Bakoitzak egindako lorpenak daude bilduta, baita orain lanean diharduten arloaren inguruko informazioa ere. Amaia Bernarasek azaldu du beharrezkoa dela horrelako ekimenak antolatzen jarraitzea: «Emakumeak ezkutatu gaituzte, eta are gehiago, gizonezkoek haiena dela uste zuten zientziaren munduan».
Egoera zaila bada ere, azken urteetan pixkanaka pixkanaka eremu ezberdinetan tokia egiten joan dira hainbat emakume zientzialari, baina, lana ez dela emakumeena bakarrik ohartarazi du Amaia Bernarasek: «Guk bidea egin behar dugu, eta ausartak izan, baina, gizonezkoen lana ere bada, guri dagokigun tokia ematea».