IRRATIA
Entrevue
Oihana Kortazar
Mendi korrikalaria

«Ez dut erreferentziarik hartzen sekula, ez baitut normalean errendimendu ona ematen»

Kortazarrek (1984, Elgeta) marka berria ezarri du Teide mendian: 6.41.19. «Ahalik eta indartsuen» igo da, jaistean, Ragnak lehendik zuen errekorrarekiko marjina izateko. Ez du entrenamendu berezirik egin erronkarako. Datozen lasterketetan, distantziak luzatzen joan nahi du.

Oihana Kortazar mendi korrikalaria Teideko jaitsieran. (C. Biel Rafols | SALOMON)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Izugarrizko gaitasun fisikoa duela ukaezina da, baina sufritzeko gaitasuna ere baduela erakutsi zuen Oihana Kortazarrek pasatu den astelehenean. Teide mendiko igoeran eta jaitsieran –54 kilometroko ibilbidea du, eta itsas mailatik 3.718 metrotara dago– birritan okertu baitzuen orkatila, eta beste hainbestetan altxatu zen. Alturan korritzearen inguruan, aitortu du ez zuela uste «hainbestekoa» izango zenik, eta igoeran askoz mantsoago joan zela gaineratu du.

Dagoeneko osatuta edo oraindik ere errekuperatze lanetan?

Osatuta nago. Orkatilak susto handiak eman arren, egun gutxietara errekuperatzen dira.

Espero zenuen denbora horren bueltan ibiltzea?

Egia esan ez nuen egin inongo kalkulurik egin. Nire erreferentzia bakarra zen Ragna Debatsek aurretik ezarri zuen errekorrarena –7.01.49–. Gure taldekide batek pasabideetako denborak oso markatuta zituen, eta noizean behin ibilbidean galdetzen nion zelan gindoazen, baina nik neure buruan ez nuen inolako kalkulurik egin. Ez dut erreferentziarik hartzen sekula, ez baitut normalean errendimendu ona ematen. Nahiago izaten dut lehietako txiparekin irten, kontzentratuta, ahalik eta ondoen egitera.

Teiden nire aukera onena zen ahalik eta indartsuen igotzea, edo behintzat tontorrera iristerako tarte on bat edukitzea, Ragnak egin zuen denbora kontuan izanda. Horrela, jaitsieran, marjina nuen.

«Irudietan gainera antzematen da, dezente mantsoago joaten naizela azken igoerako metroetan; zorabiatuta sentitzen nintzen»

Aipatu zenuen dena eman zenuela bukaerara arte, ez soilik zuregatik, baita ere atzean lantalde zabala zegoelako.

Bai, irudietan ikusi diren orkatilen bihurdura horien kontura, egia da gai izan nintzela altxatzeko, pauso bat emateko, orkatila ganoraz martxan ipintzeko, eta berriz ere jarraitzeko. Baina hori gertatuz gero beste lasterketa batean, ez dakit zer egingo nukeen, agian erretiratu egingo nintzen.

Bestalde, hara joateko logistikoki asko antolatu behar izan zen, ez nintzen ni bakarrik, horren atzean proiektua aurrera ateratzeko kudeaketa asko egon ziren, eta gauza asko antolatu behar izan ziren. Orduan, jakinda beste batzuetan orkatila horrela bihurritu ondoren altxatu, pauso batzuk eman, eta aurrera jarraitzeko gai izan naizela ikusita, Teiden ere pentsatu nuen behintzat saiakera bat egin behar nuela denongatik lasterketan jarraitzeko.

Buruan zenuen proiektua ala sortu ahala joan zen?

Denbora bat neraman buruan nuela, eta 2021eko irailean proposamena irten zen. Asmoa zen erronkari 2022ko martxoan ekitea. Ez genuen hartu Teideko parke naturaleko tontorrera joateko baimena, baina data zehaztuta zegoen. Orduan lesionatu egin nintzen, eta ez genuen egin. Hala ere, jada hartuta nuen hegaldia otsailean entrenatzera joateko. Eta min hartuta eta korri egin ezinik egon arren, hara joan ginen, nire senarra, umeak, eta ni.

Hotelera iritsi orduko, egin nuen lehenengo gauza izan zen galdetu ea herrian ba ote zegoen fisiorik, egun horietan tratamendua jaso behar nuelako. Hoteletik oso gertu fisio bat zegoenez, han egon ginen lau-bost egunak. Nire oporrak hauexek izan ziren: hoteletik fisiora eta fisiotik hotelera, egunean hiru aldiz joaten nintzen makina bati lotzera. Gainera, herren nengoen eta ezin nuen pausorik eman.

Ondoren, denboraldia hasi eta lasterketekin hasi nintzenean, behin lesioa osatuta, Teidekoa ezin nuen alde batera utzi. Baina egitekotan, urte amaieran izan behar zuen, urtean zehar lasterketa pila bat egiten baititut. Beste data bat ipini genuen, eta hortik aurrera hatzak gurutzatu nituen ezer berezirik ez gertatzeko.

Espresuki prestatu zara erronka honetarako edo betiko martxan jarraitu duzu?

Betiko martxan jarraitu dut. Duela bi urte, otsailean Teiden egon nintzenean, ez nuen lur-eremuan entrenatu, eta oraingo honetan ere ez: etorri ginen igande eguerdian, astelehenean lasterketa korritu eta astearte goizean buelta egin genuen. Nire prestakuntza izan da 2022 denboraldi hasieran eduki ditudan lasterketak. Egia da batez ere uztail, abuztu eta irail bitartean hainbat lasterketa izan ditudala maratoiko distantziakoak, baina oso teknikoak izan dira, ez zirenak denboraz azkar egitekoak, eta horiek antzekotasunak zituzten Teideko distantziarekin eta denborarekin alderatuz gero. Adibidez, Canfranc-Canfranc eta Montaña Palentina lasterketak. Batez ere, distantzia, iraupen eta erresistentzia aldetik, pixka bat luzeagoak ziren azken lasterketa horiek.

Sokorro hondartzatik abiatu zinen, itsas mailatik Teidek dituen 3.718 metrotara. Hor mendian ibili denak badaki alturak eragin handia izaten duela gorputzean, buruan batez ere. Egia da zuk denbora asko ez duzula pasatu altueran, baina pairatu zenuen ibilbidean zehar sintomarik?

Bai, dezente nabaritu nuen, eta ez nuen uste hainbestekoa izango zenik. Irudietan gainera antzematen da, askoz mantsoago joaten naizela azken igoerako metroetan; zorabiatuta sentitzen nintzen.

Atseden pixka bat hartu beharko duzu, baina ze asmo duzu datozen asteetarako?

Hiru astez atseden hartu nuen Teideren ondoren, hala egokitzen zitzaidan, gainera. Eta esaten den moduan, ez da gaitzik onik ez dakarrenik. Datorrenari dagokionez, denboraldi honetako lehen lasterketa entrenamendu gisara izan bazen ere, Leongo Transcandamian korritu nuen. Asteburu honetan Negu Trailen izango naiz, Berastegin. Otsailaren 26an traileko Espainiako Txapelketa dago Cadizen. Niretzat azkarregia izango da, 34-35 kilometroko lasterketa delako, eta oraindik ere ez dut izan astirik ganoranzko entrenamendu luzerik egiteko. Baina lasterketaren batekin hasi beharko dut probatzen.

Bestalde, FEDMEko (Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioa) Espainiako Txapelketan egongo naiz apirilean, eta Golden Trail Serieseko Zegama-Aizkorrin, Mont Blanceko maratoian, eta Sierre-Zienalen ere parte hartuko dut. Horiez gain, Domusa Teknik 60 kilometro inguruko lasterketa egiteko asmoa dut, aurten distantzia horretan probatu nahi dudalako.

Orain dela urte batzuk probatu nuen distantzia horretan 2016ko Euskal Herria mendi erronkan. Pixkana-pixkana distantziak luzatu nahi ditut, baina ez dut egingo zorakeriarik, eta derrepentean Ultra Trail batean lehiatu. Halakoek oraingoz ez naute batere erakartzen, baina esandako distantzia horretan nire gorputza ondo moldatu daiteke. Gainera, horrelako aldaketa bat behar dut, ikusten dudalako nire gorputzak hobeto erantzun dezakeela maratoia baino pixka bat luzeagoko distantzietan.

«Pixkana distantziak luzatu nahi ditut, baina ez dut egingo zorakeriarik, eta derrepentean Ultra Trail batean lehiatu. Halakoek oraingoz ez naute batere erakartzen, baina esandako distantzia horretan nire gorputza ondo moldatu daiteke»

Eta Ultrarako asmorik baduzu luzera begira?

Ba, egia esan, ez dakit. Nire buruan gauza asko aldatu beharko dira, ze oraintxe bertan ez nau batere erakartzen Ultra bat egiteak. Beste gauza bat da era natural batean ni konturatzea edo esatea «jada nazkatu naiz distantzia hauekin, eta benetan motibazioa eta ilusioa sentitzen dut halako distantzia luze bat egiteko». Baina oraintxe bertan ez nau batere motibatzen.

Izan ere, gauak pasatu behar izatea lasterketa barruan edo 24 ordu inguruko lasterketa bat egiten; 70 kilometro, goizeko 7.00etan hasita, eta arratsaldeko 19.00etan amaituta, ez dut ikusten neure burua. Entrenamenduen aldetik oso desberdina izango litzateke hori dena kudeatzea, eta oraintxe bertan ez naiz gai ikusten. Hala ere, bilakaera bat izaten dugu bai pertsonalki, baita kirolari moduan ere, eta agian denbora batean kapaz ikusten dut nire burua horretarako.