«Donostiako Udala izugarrizko gizatasun falta erakusten ari da kale egoeran daudenekiko»
Donostiako Harrera Sareak gogor salatu du negu gorrian Udalak La Sirena aterpetxea soilik gau batzuetan irekitzea. «Badakite pertsona hauek egunero zer jasaten duten?», galdetu du Garazi Monstuschik. Bilbo eta Iruñeko egoera ere ezagutu dugu Beste Bi plataformaren eta Paris 365 jantokiaren eskutik.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Negu bete-betean are eta larriagoa da etxerik gabeko pertsonek bizi duten egoera. Hotz handia egin arren, egunotan ere kalean ari dira lotan dozenaka eta dozenaka lagun gure herrian. Egoera honen ondorio larriena aste honetan errepikatu da. Bilbon, etxerik gabeko 70 urteko gizonezko bat hil zen asteartean zegoen txabolak su hartu ostean.
Donostian, berriz, kalean bizi diren pertsonei zuzenduriko La Sirena aterpea itxita egon da ostegun gauean. Donostiako Harrera Sareak gogor salatu du Udalak azpiegitura hau kudeatzeko duen modua. Asteburura bitarte hotz handia dago iragarrita. «Euskalmeten izozte arriskuaren abisua dagoenean» zabaltzen dute soilik. «Politikariek noizbait kalean lo egin dute? Badakite pertsona hauek egunero zer jasaten duten?», galdetu du Donostiako Harrera Sareko Garazi Montuschik NAIZ Irratian.
Harrera Sareak, Beste Bi plataforma bizkaitarrak eta Iruñeko Paris 365 jantokiak bai, badakite zein egoera bizi duten kale egoeran daudenek eurekin harreman zuzena dutelako. «Kalea oso gogorra da eta tenperatura hauekin...imaginaezina», dio Montuschik. «Ulertu behar dugu kalean bizitzea infernu bat dela, kalean bizi dutena izugarria da eta gure kaleetan gertatzen ari da», azpimarratu du Beste Bi plataformako Borja Agirre. «Oso zaila da kalean bizitzea, oso gogorra, kezkatuta gaude ez direlako gutxienekoak bermatzen», baieztatu du Iruñeko Paris 365 jantoki sozialeko gizarte langile Jone Arnedok.
Instituzio publikoek neguan baliabide ezberdinak bideratu ohi dituzte kale egoeran daudenek babespean lo egiteko aukera izan dezaten. Baina Agirre nahiz Arnedok ohartarazi dute ohe gehiago eskaini arren Bilbo nahiz Iruñean oraindik ere jendea dagoela kalean, eta funtsean, eskaintzen diren baliabideak ez direla nahikoak.
Donostiako aterpetxea, soilik «izozte arriskua» dagoenean
Donostian egoera are eta larriagoa da, Harrera Sareak salatu duenez. Ostegun gauean etxerik ez dutenei neguan lo egiteko lekua ematen dien La Sirena aterpetxea ez irekitzea erabaki du Udalak, «neguko protokoloko irizpideetan oinarrituta», Harrera Sareari adierazi dionez. La Sirena ireki edo ez erabakitzeko irizpidea «Euskalmeten izozte arriskuaren abisua» da, «guztiz erlartiboa», Montuschik azaldu duenez.
Asteazkenean bai, zabalik egon zen aterpea eta 100 lagun baino gehiago gerturatu ziren neguko gau hotzetik ihesi, babesean lo egitera. Beraz, Harrera Sareak aldarrikatu du nabarmena dela halako azpiegitura baten beharra. Aterpea nagu osoan zehar zabalik egotea da eskaera baina «momentu honetan gizatasun pixka bat» eskatu du Montuschik, «Udala izugarrizko gizatasun falta erakusten ari da, beste alde batera begira dago». Irtenbidea erraza denean, gainera, «aterpetxea irekita mantentzeak ez du ia kosturik, ez dugu ulertzen». Zeri erantzuten dio orduan Eneko Goiaren udal gobernuaren jarrerak? «Axola zaion bakarra heriotzarik ez egotea da».