IRRATIA

Euskal Herrian ere ongi etorria Untxiaren Urteari

Gipuzkoako Txinatar Institutuaren eskutik, munduan jai handiena den txinatar Urteberria ezagutzeko aukera izan du Naiz Irratiak. Txinan nola ospatzen den, baina baita Gipuzkoan ere, pasa den asteburuan Donostian egun osoko jai batekin eman baitzioten hasiera urteari.

Txinan ez ezik, mundu osoan ospatzen da jai erraldoi hau. Irudian ospakizunak Tailandian. (JACK TAYLOR | AFP)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Udaberriaren Festa (hala deitzen diote txinatar gehienek) munduan jende gehien mugiarazten duen ospakizuna da. Mila milioika joan-etorri eragiten ditu Chunyun delako garaiak, Txinan ez ezik baita munduan zehar ere. Eta Covidak eragindako hiru urteko geldialdiaren ostean, gogotsu hartu dute txinatarrek askorentzat euren jai kuttuna dena.

Munduko ospakizun garrantzitsuenetakoa bai, baina oraindik ere nahiko ezezaguna Euskal Herrian, bertan ere ospatzen den arren. Gipuzkoako Txinatar Institutuak egindako proposamenari heldu dio Naiz Irratiak, txinatar Urteberriaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko eta euskal-txinatar komunitateak nola ospatzen duen jakiteko. Pasa den larunbatean (hilak 21) Donostian ospatu zuten Untxiaren Urtean sartzen ari zirela. Horren atariko azalpenak eman zizkioten irrati honi, hiru urtez txinera ikasten dabilen Ibone Calvok, Gipuzkoako Txinatar Institutuko Adela Wu zuzendaria alboa zuela.