IRRATIA

‘Artxibo biluziak’, Torrealdairen hutsunea betetzeko

Joan Mari Torrealdai beka sortu dute Jakinek eta Usurbilgo udalak elkarlanean pentsalari, kazetari eta kulturgile usurbildarraren ondarean sakondu, hedatu eta etorkizunera begira jartzeko. Metrokoadroka kolektiboak irabazi du 2022ko edizioa ‘Artxibo biluzia’ proiektuari esker.

2022ko Joan Mari Torrealdai beka eraman du Metrokoadroka kolektiboak (Jakin)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


2020ko uztailaren 31an utzi gintuen Joan Mari Torrealdai euskaltzale eta pentsalari usurbildarrak. Besteak beste, Jakin aldizkariko zuzendari izan zen Torrealdai, eta orain, ondarean sakontzeko, baina aldi berean etorkizuneko euskal kulturari begira jartzeko Joan Mari Torreladai beka sortu du Jakin elkarteak Usurbilgo udalarekin elkarlanean, azken honen proposamenari tiraka. Kultur ikerketak edo kultur egitasmoak sustatu nahi dira.

2022koa izan da bekaren lehen edizioa, eta gaia: euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean. Haritz Azurmendi Jakineko kideak azaldutako moduan, helburua «kultur eragileak edo sortzaileak, pentsalariak, etorkizuneko euskal kulturari begira jartzea». Torrealdairen «obran konstante bat» izan baita hori, Azurmendiren hitzetan.


13 proiektu-proposamen jaso zituen Maialen Akizu, Edu Apaolaza, Ibai Iztueta eta Ainara Lasak osatutako epaimahaiak. Lehenengo urteko erantzuna «pozgarria» izan dela azpimarratu du Azurmendik eta «proiektuen arteko aniztasuna» balioan jarri du.

Azkenean Metrokoadroka Kolektiboaren ‘Artxibo biluzia’ proiektua saritzea erabaki zuen epaimahaiak. Kostatako erabakia izan zela azaldu du Jakineko kideak, proiektu guztiek, kalitate handikoak izateaz gain, bekaren balioak bere egiten baitzituzten.

Proiektuak abiapuntu «indartsua» duela azpimarratu du Azurmendik: Joan Mari Torrealdairen atxiloketaren unearekin hasiko da lana. Miaketetan bere bizi osoko lanaren artxiboak ostuko dituzte eta «hustasun edo biluztasun horrekin jokatuko dute: artxibo hori zerekin bete, nola bete etorkizunera begira, gaur egungo, iraganeko zein adierazpenekin osatu litekeen... joko hori planteatzeko».

Oier Guillan Metrokoadroka kolektiboko kidea da. Bekaren deialdira aurkezteko motibazioei buruz galdetuta «bekaren oinarriek aurkeztu zitezkeen proiektuekiko perspektiba zabal bat eskaintzen zutela ikusita» eta Torrealdairekiko hainbat bizipen eta gomuta pilatuta, proiektu «kreatiboki eta eduki aldetik motibagarri eta interesgarri» bat osa zezaketela pentsatu zuten. Ez-ohiko diealdia iruditu zitzaien eta erronkari heltzea erabaki zuten.

Gai anitzen (sozialak, politikoak...) inguruko hiru antzerki piezek osatuko dute lana. Piezak lotzeko elementua Torrealdaik atxiloketa unean bere lana lapurtua izaterakoan sentitutako «mina» eta «biluztasuna» izango da; karpeta batek irudikatuko du fisikoki ideia hori. Bilduma osorik eskaini daiteke, baina piezak banaka ere oholtzaratu daitezke ondorengo solasaldi batekin batera. Bestalde, sorkuntza prozesuan zehar egingo dituzten egonaldietan formakuntzarako espazioak zabalduko dituzte.

14.000 euroko diru-laguntza jasoko du Metrokoadroka kolektiboak proiektua garatzeko, eta guztira 18 hilabeteko epea izango lan horiek guztiak gauzatzeko.