Naziek Markina-Xemeinen utzitako pasarte ilunak argitu ditu Jon Arrizabalagak
‘Alemanaren mamua’ liburua idatzi du Arrizabalaga markina-xemeindarrak, herrian bizi izan zen bikote alemaniar baten inguruko ikerketa bildu du bertan. Naziak biak, negozio-armamentistikoan aktiboak, harreman zuzena zuten Otto Skorzenirekin, Nazien SS armada militarreko buruzagi nagusietako batekin.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
’Alemanaren mamua’ liburua idatzi du Jon Arrizabalaga markina-xemeindarrak. Bertan, 1950 eta 1970 urte bitartean alemaniarrek herrian edukitako istorioak bildu ditu, zortzi urte eman ditu ikertzen eta bildutako istorio denak argitara atera ditu orain.
Arrizabalak Bekobenta eskolan ikasi zuen, eta herrian jakina zen garaian Madrilen bizi zen bikote alemaniar batek hantxe pasatzen zituela oporraldiak, beraiek ziren Willhelm F. Mallet eta Ruth Elisabeth Adams. Zehazki bi etxe zeuden, lehena familiarena eta bigarrena zerbitzuarena. Herriko hainbatek egin zuten bertan lan eta haien testigantzak ere bildu ditu Arrizabalak 12 kapituluz osatutako liburu honetan.
Lehen pertsonan idatzitako ikerketa da. Arrizabalagak ondu duena, izenburua ere espereientzia pertsonal batetik dakar: «Eskolan, ateak bapatean itxitakoan, edota leihoak irekitzerakoan ’alemanen mamua dabil’ esaten genuen, eta hortik dator». 1950ean eraiki zuen etxea Markinan bikoteak, dokumentu ezberdinetan ikertzen ibili ostean, gizona bigarren gerra ostean Espainian errefuxiatutako nazi moduan identifikatu zuen Arrizabalagak. Dokumentu eta argazkien bilaketan ibiltzeaz gain, bizilagunen kontakizunak izan ditu lagungarri istorioak biltzeko: «Testigantzak jasotzen hasi ginen, etxe haretan lan egindako lorezainarekin egon nintzen, baita bertako neskame izandako emakume batekin ere, eta baita etxearen inguruan ibilitako bizilagunekin».
Mallet Markina-Xemeinen kokatuta zegoen Esperanza y CIA arma fabrikako merkataria zen. Saiatu da markina xemeindarra arma fabrikako dokumentuak biltzen baina ezinezkoa izan zaio: «Saiatu naiz lortzen edo norbaitekin egoten, baina atea aurpegian itxi didate. Batzuk diote dokumentuak erre zituztela, beste batzuk nonbaitera eramango zirela... Dokumentu horiek topatuz gero, oso kontu kuriosoak agertuko liratezke».
Bikote alemaniarraren inguruan gehiago jakiteko, testigantza garrantzitsua izan zen bertan lan egin zuen neskamearena. Arrizabalagak azaldu du elkarrizketatu nahi duen pertsonarengana ahalegintzen dela aurrez aurre gerturatzen, nahiago izaten duela telefonoz deitu baino. «Bati eta beste bati galdetu ostean, eta taberna batean topatu nuen karta-jokoan Malleten etxean neskame lanetan ibilitako emakumea, horrela hasi nintzen berarekin tratu hartzen, eta azkenerako lagunak ere egin gara».
Mallet zertan ibili zen argitu nahi izan du, baina ez dago guztiz argi, batzuen arabera armen salmentako negozioetan ibili zen, beste batzuen arabera Espainian eta Euskal Herrian gerrarako garrantzitsuak ziren beste ekintza batzuetan. «Liburuan organigrama bat ere agertzen da, Euskal Herrian zeuden alemaniarren sarearen barruan zein kargu betetzen zuen azaltzen da bertan». Ikertzaileak jakin ahal izan duenez, estraditatzeko planen zerrenda batean ere bazegoen, baina ez zuten inoiz egin, zerrenda «arriskutsuenean» ez zegoelako.
Horretaz gain, Bigarren Mundu Gerran Mallet espia izan zela jakin du Arrizabalagak. Udatiar bikote honi, hirugarren Nazi bat gehitu zitzaion: Otto Skorzeni. Nazien SS armada militarreko buruzagi nagusietako bat izan zen Skorzeni, eta aliatuen arabera, Europako gizonik arriskutsuenetako bat. Horretaz gain, guztiz frogatuta ez badago ere, hipotesi gisa uzten du, Martin Bormann, Hitlerren idazkari pertsonalaren presentzia Markina-Xemeinen, Malleten hirugarren txofer gisa aritu baitzen lanean.
Bekobenta etxeaz galdetuta, «harri zatiren bat» geratuko dela aitortu du, baina ia guztia botata dagoela jada: «Etxea zegoen lekuan saskibaloiko kantxa bat dago eraikita, eta beheko zatian eskola dago. Sarrerako bi zutoinak mantentzen dira, baina beste ezer ez».