«Jendea gure kantuak kantatzen entzutea, hori...izugarria da!»
Pandemia lehertu baino 3 aste lehenago kaleratu zuen Bulegok bere lehen kantua, beste bost zituzten gordailuan. Proiektuan sinestu eta aurrera egin zuten, nola gainera. ‘Gure bizitzako bira’ disko-liburuan laburtzen da bizitutakoa.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Sekulako urtea egin du ‘Bulego’ taldeak, kontzertuak eman dituzten han eta hemen, gutxienez 56, horietatik bi ahaztezinak, «Azkoitiko plazan emandakoa eta Bilbo Abando-ibarrakoa», aitortu digu Xabi Arrieta taldekideak. Iaz izan zuten lehen azoka, Bigarren Kafera hurbildu ziren. Ohitura zaharrak mantenduz, aurten berriro etorri dira Bulegokoak eta ‘Gure bizitzako bira’ disko-liburuaz hitz egin dugu.
«Guk iaz azoka pandemikoa ezagutu genuen, eta ilusioz hartu genuen. Baina aurtengoa, zoramena izaten ari da. Egia esan hau gehiago gustatzen zait» esan digu Arrietak. 50 orrialdeko liburuxka bat eta disko bat ondu ditu Azkoitiko Bulego musika taldeak. Liburuxkan askotariko edukiarekin egingo dute topo taldearen jarraitzaileek, hala nola irudiekin, datuekin eta kontzertuen gaineko informazioarekin. Diskoan, berriz, Bilboko Aste Nagusian eskainitako kontzertuaren zuzenekoa jaso dute. Kontzertu horrek arrastoa utzi du taldekideengan, «jendea gure kantuak kantatzen entzutea, hori...izugarria da!».
56 kontzertu eman dituzte aurten eta horrek bizitza pertsonalean aldaketak ekarri ditu noski. «Lagunekin, bikotearekin, familiarekin egoteko ordu gutxiago daude» dio. «Nik horixe nabaritu dut», eta hori da bizitzen ari diren «ametsaren» alde gogorra, «egunak 24 ordu ditu, eta Bulego ez da kontzertuak jotzea bakarrik».