«Ez gatoz mundua jatera, publikoarekin konektatzea eta bizirautea da gure nahia»
2021a bukatzear zela kontatu ziguten Fran Uriasek eta Iñaki Bastidak proiektu berria zutela eskuartean, lehenaren taldekide izandako eta bigarrenaren arreba den Ane Bastidarekin batera. Orain, boskotean aritu dira, Lander Anton eta Iker Toralekin, eta disko homonimoa kaleratu berri dute.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Zorionak, modu bikoitzean.
Oraindik ez, oraintxe telefonoak jo dezake eta dena hankaz gora jarri. Askotan esaten du musikariak disko baten kaleratzea ume baten erditzea bezala dela eta susmoa dut ez dela horrela, laster esango dizuet.
Iaz Durangoko Azokan gitarra jotzeko pua batean aurkeztu zenuten proiektua QR batekin, gero udan saio batzuk egin dituzue… Iparra galtzeko betarik izan duzue?
Aspaldi galdu genuen iparra eta erridikuloaren sentsazioa bezala da, behin ezagun duzula, listo.
‘Iparra galdu’ kantuan norberaren errua onartzea badagoela esan dezakegu.
Askotan entzungo zenuen musika terapia dela eta bai. Entzutea bada, baina idaztea… Sekulakoa da. Minetik idatzita dago asko eta damutik ere bai. Barkamena eskatzen diozunean norbaiti zure errua izan dela esanaz, asko kostatzen zaigu, baina kantuetan ez hainbeste, eta hori terapia da.
Diskoaren diseinuak ere minera eramaten gaitu. Gorria, beltza, zuria... Anai Mendezek egin duen azalak badu min hori.
Pozten naiz, apenas ez genuelako parte hartu prozesu horretan. Letrak itzuli genizkion, ez dakielako euskaraz, eta kantuen nondik norakoak galdetu zizkigun eta lehenbizikoz gertatzen zitzaigun hartu-eman mota hori izatea diseinatzaile batekin. Gero, erakutsi zigunean, lortu zuen diskoko abestietan dioguna eta sentitzen duguna islatzea lortu zuela esan dezakegu.
Musikalki ez badu ere, letretan eta estetikoki badu emo munduarekin loturarik.
Ilunaren erakartze hori badu eta, nahi gabe, emo musika askotan entzun dut. My Chemical Romance askotan entzun dut eta taldekide batek esan izan dit emo musika dela, baina ez nekien zer zen hori. Ez da nahita egiten duzun zerbait, baina bakardadeak, nostalgiak, tristurak, atsekabeak, minak… Eskatzen dizu kantuak idaztea. Ongi nagoenean ez dut idazten eta Zuriñek berak ere Hesianen garaian esaten zidan hori. Baina ondo nagoenean bizitzeko gogoa dut, lagunekin egotekoa, eta ez dut idazteko gogorik izaten. Bikoteak ere esan dit semearen jaiotzaren inguruan idazteko zerbait, baina nik nahi dudana berarekin egotea da eta ez abesti bat idaztea.
‘Non geratu dira’ abestian «iluntzen hasi da, nolatan izan da?» galdera egiten duzu.
Ez dakit inoiz honen inguruan norbaitekin hitz egin dudan. Niretzat mami asko duen kantua da, gehienak bezala pandemian idatzia da. Egiteko asko kendu zizkiguten eta denbora beste zeozertan eman ahal genuen garai hartan. Biffy Clyroren ‘The Captain’ kantua nuen buruan eta 3/4ko edo 6/8ko konpasean zegoen, horrelako zeozer egin nahi nuen. Abestiari auskalo zenbat buelta eman nizkion eta taldekideak ere kokoteraino jarri ziren. Kantu progresibo bat bihurtu zen eta Eñautek ere bere alea jarri zuen hemen. Olatz Salvador etorri zenean grabatzera, galdetu nion ea zeri buruzkoa zen eta berak maitasun kanta bezala identifikatu zuen. Bada ez, ez zen hori. Pandemia garaian gauza asko botatzen ziren faltan, adibidez, parrandak edota lagunekin gauzak partekatzea. Nik ezin besarkatzea eta ezin musukatzea botatzen nuen faltan eta hor esaten nion nire buruari ea non geratu zen jendearen berotasuna sentitzen genuen garaia. Pandemiak, une batetik bestera, hori okertu zuen eta hor galdetzen nion nire buruari ea nola pasa zen hori. Hortaz doa kantua.
Olatz Salvador aipatu duzu eta niri asko gustatu zait bere zatiaren gainean zurea nola moldatu duzun. Zure koroaren marrazkia ere dotorea da, bere protagonismoa mantentzen delako.
Argi neukan kolaborazioa sartzearena hasieratik. Esan beharra daukat koro eta moldaketen meritua berea dela eta Olatzek, ziurrenik, nahi gabe egingo zuen, duen gaitasunagatik. Nik melodia bat pasa nion maketa moduan eta berarentzat akaso altuegi edo baxuegi zegoelako-edo, berak tarteko zerbait abestu zuen. Berez bigarren ahotsa zen nik sortu nuen horretan, baina orain begira zer esan didazun. Abestiari beste kolore bat eman zion berak moldatu zuenean eta horrek ekarri zuen beste ahots bat, beste behar batzuk, beste nahasketa bat eta hori guztia. Kantua ez genuen single moduan ere ikusten, baina Olatzek grabatu zuenean, beste rollo bat hartu zuen guztiak.
Estribillo bakoitza nola abesten duzuen ere gakoa da, gurutzaketak-eta baditu eta hori ederra da.
Eta horregatik da ondorio nagusia zuk atera duzuna izatea, hau da, Olatz entzuten da lehendabizi eta melodiaren pisua berak darama, baina gero hori aldatu egiten da eta beste gauza bat bihurtzen da kantu bera izanik ere.
Atzetik dator ‘Beltzetik ilunera’ eta zuk aipatu duzu Kaliforniako punka ere eta pixka bat horra egingo dugu salto abesti honekin, ezta?
Ez da kantu bat hortik zetorrena eta gero hartu zuen bide hori. Eñautekin hitz egin nuen, ekoizterakoan, kolore hori hartu zuela eta horra eraman genuen. Green Day taldearen ‘American idiot’ diskotik gerora egin dutena saiatu gara egiten. Estrofan 4 gitarra entzun daitezke, baina estribilloan leherketa dago eta akaso 30 daude eta horrek betetzen du guztia. Baina kantua, berez, Mumford & Sons taldearen kantu batetik dator, hor hartu nituen ideiak, baina badu Green Dayren zerbait, leherketa horretan eta akordeen progresioan. Diskoko nire kantu kuttuna da, oso sinplea den arren.
Ekoizpen desberdinetan eta estudio askotan egin duzu lan. Zer moduzkoa izan da hau?
Haritz Harreguyrekin asko egin dugu lan, baina ez bera ekoizle paperean jarrita, nahiz eta ekarpen asko egiten zituen. Ekoizle moduan Juan Blas bai ibili zela Hesianen azken diskoan, baina Eñautekin beste modu batetara izan da. Askoz ere errazagoa izan da, pistak bidaltzen nizkion eta berak bueltan bidali eta horrela. Ni ez naiz aditua programekin, grabatzen, efektuekin eta halakoekin. Nik bi gitarra ditut, justu dakit zein diren markak eta moldatzen naiz jotzen, baina nirea kantuak egitea da.
Kar, kar. Imaginatzen dut zu eta Eñauten arteko harremana.
Kar, kar. Bai bai, pedal eta gitarra pila bat ditu. Hark esaten zizkidan ideiak eta nik, interesgarriarena egin arren, esaten nion nahi zuena egiteko. Nik bezala kantuak egiteko esperientzia du, baina ekoizpenean magia egin du. Eta hori behar nuen. Berak, aurreprodukzioan, helarazten zigun eta gauza batzuk aldatzen zituela bagenekien, baina zer zen ez genuen argi. Detaile txikiak ziren eta kantuak erabat aldatzen zituen, eta hor dago ekoizlearen lana.
‘Txikia’ izan zen bigarren singlea. Baina galdera beste bat da, gu egiten gara txiki edo txikitu egin gaituzte?
Buf, ostras. Hasieran txikitu egiten gaituztela esango nuke eta, gero, gu txikitzen garela; baina txikitu ez gaitzaten txikitzen gara. Esango nuke berez ez dugula txikiago egiteko joera hori, baina bizitzak ematen dizkizun kolpeek modu guztietan txikitzen zaituzte eta norberak bukatzen du kalera irten aurretik bere burua ikustean txikiago egin behar duela esanaz, bat ez dela hain handia sinetsita. Ikuspegi pesimista samarra da, baina hori da nire esperientzia.
Kantuek energia ona transmititzen duten arren, letretan min handia dago.
Bai, alde guztietatik. Pello Reparazekin ere asko hitz egin izan dut honen inguruan eta berak ere esaten zidan, konponketak eta-egiterakoan, kantuetan esaten nuena eta musika ez zihoazela bat. Lehertuta eta ondoa jota nintzela eta do maior, sol maior eta re maior jotzen nituela eta ez la minor edota mi minorra. Baina gero esaten zidan The Policen ‘So lonely’ ere hala zela eta barre egiten genuen. Atzera begira asko jartzen naiz kantuen hitzetan eta nostalgia asko dute, musikalki, ordea, epizidadea dute. Horrela ateratzen zaizkit.
Belaunaldia partekatzen dugu eta ‘Helmugaren aurrean’ kantuak gure belaunaldia dezente markatu zuen kantu bat ekarri dit gogora sarreran, Extremoduro taldearen ‘Standby’.
Extremoduro zalea naiz eta kantua jasotzen duen diskoari mila buelta eman dizkiot. Kantu hori asko jo dut eta nire eskuek badakite kantu hori nola den, baina ez dator hortik, nahiz eta Janirek, bikoteak, gauza bera esan zidan.
Heriotzaren atean dagoen bat ikusten dut hor, bizitzari nolabait ere eusten ari den norbait.
Bideoklipa irudikatzen nuenean, amonaren etxea zuri-beltzean ikusten nuen. Bertan, agure bat, baxoerdia eskuan duela, ez dakiela zer egin, bizitzan aurrera jo edo ez. Oso garbi dut irudi hori, baina idatzi nuenean ez neukan buruan ez agurea ezta bideo hori ere. Letrak ez zidan hori ekartzen, baina zuk aipatu dituzun ahotsen eta soinuen plano horiek efektu desberdinak sortzen dituzte, eta, hemen, ba halako zerbait mugiarazi zidan.
Bukaerako hiru kantuak ezagunak genituen, horietatik lehena da diskoan ‘Mendi gailurretan’, baina ‘Amarena’ kantuaren istorioa oso potentea da.
Bai, apurtzaileena ere bazen musikalki eta horregatik atera zen lehendabiziko single moduan. Ni ziur nengoen diskotik single handiena izango zela eta ez da izan inondik inora ere. Gainera, uste nuen honek ez bazuen funtzionatzen ezerk ez zuela funtzionatuko, baina ez da horrela izan. Istorioa da hemen potentea esan duzun moduan. Ni baino hiru urte zaharragoa den anaia daukat eta, tartean, amak alaba bat galdu zuen. Nire buruarekin zalantza esistentzial asko izan ditut ondorioz. Ni bera izango nintzen haur hura jaio izan balitz? Ni esistituko nintzen hura jaio izan balitz? Nolakoa izango zen nire familia ni gabe? Hau guztia diot amak alaba nahi zuelako eta ez zitzaiolako heldu. Bada, hori guztia kantu batean kontatu nuen eta ordutik ez dizkiot hainbeste buelta ematen. Terapia moduko bat egin dut, mindfulness teorietan esaten den moduan, zure halako kezka bat ez zara zu, hor dago, baina ez zara zu.
Durangoko Azokarako dator diskoa, baina kontzerturik ez oraindik.
Ni soilik ez, Ane ere ama izan zen, Iñaki ere aita izan zen… Hortaz, halabeharrez bada ere, neguan, hartzen modura, hibernatu egingo dugu eta ikusiko dugu udaberria nola datorren. Baina ez dugu antsietaterik, nahi duenak diskoa erosiko du edo ez, entzungo du edo ez… Eta hor egongo gara gu, beti bezain pobre eta erotu gabe. Oxala 200 kontzertu ematen baditugu, baina ez baditugu ematen ez da ezer pasatzen! Hilean behin ematen badugu, asteburu hori gozatuko dugu eta bolo asko ematen baditugu, ematen ez dugunean atsedena pozarren hartuko dugu. Ez gatoz mundua jatera, publikoarekin konektatzea eta bizirautea da gure nahia, kantuak grabatu eta musika egiten jarraitu ahal izateko.
Fran, plazera izan da guztia aletzea.
Plazera nirea, hegan pasa zaidalako denbora. Nahi duzunean jarraituko dugu kafe edota garagardo baten bueltan.