‘Kirolari Gaittun’ podcastak NAIZ irratian hasiko du bigarren denboraldia
Lazkaoko emakume kirolariekin egindako saio bereziarekin abiatuko da 'Kirolari Gaittun' podcastaren bigarren denboraldia, aurten NAIZ irratian. Igande honetatik aurrera hamabostero zabalduko da saioa FM bidez eta podcast plataformetan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Bigarren denboraldiari ekingo dio ‘Kirolari Gaittun’ podcastak, eta modu berezian gainera, NAIZ irratiko programazioaren parte izango baita saioa. Bigarren denboraldiari modu berezian eman diote hasiera, Euskaraldiaren aitzakian, Lazkaoko plazan estreinatu dira eta herriko bi kirolari gonbidatu dituzte Irati Acosta areto futboleko jokalaria eta Oihane Mendia Euskadiko txapeldun ohia gimnasian eta gaur egun entrenatzailea.
Hamabostero, igandeetan, arratsaldeko 16:00etan zabalduko da saioa NAIZ irratiko FMan eta streaming bidez. Ondoren, podcast plataformetan eta ‘Kirolari Gaittun’ eko youtube kanalean zabalduko dira saioak.
Ane Urkiri eta Maddi Garmendiak sortu zuten ‘Kirolari Gaittun’ iaz. Kirolaren arloan zegoen hutsune bat betetzeko asmoz jarri zuten martxan podcasta, eta harrera «oso ona» izan zuen, hala azaldu du Urkiri kirol kazetariak NAIZ irratian. Lehendabiziko denboraldian 18 saio egin zituzten, 18 elkarrizketa sakon beti emakume kirolariak ardatz hartuta. Elkarrizketatuen artean daude Malen Ruiz de Azua pertikista, Eukene Larrarte txirrindularia, Maialen Chorraut piraguista, Irene Paredes eta Ane Etxezarreta futbolariak, Oihane Azkorbebeitia mendi korrikalaria edota Leticia Canales surflaria. Orain artekoak ikusgai dituzuen hemen.