IRRATIA
Izokin atlantikoa Urumea ibaian (Nagore Legarreta)

Botak lokatzetan |Zorroztu begirada, izokina ibaian gora ikusteko garaian gaude

Euria botatzen jarraitzen badu eta ibai eta errioetan ur emaria handitzen bada, izokin atlantikoa ikusteko egun ederrak izango dira azarokoak eta abendukoak. Izan pazientzia eta begirada zorrotza, hala gomendatu digu Aranzadiko Iñaki Sanz Azkue herpetologoak Gelditu Makinak saioan.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Botak lokaztu ditugu beste behin Aranzadiko Iñaki Sanz Azkuerekin. Ibai eta errio bazterretara hurbiltzeko gonbita egin digu, garai ona baita izokin atlantikoa ikusteko. Euskal gizartean izokinak garrantzia handia izan du. Izokin arrantzaren arrastoak aurkitu dira Errenteriako Aizpitarteko kobetan adibidez, eta artxiboetan egindako lanari esker jakin da Erdi Aroan gatazka asko sortu izan direla izokin arrantzarekin. Adibidez, 1769an Hernaniko udalak debekatu egiten zuen arrantza urrutik urtarrilera ikusi zutelako izokin kopurua nabarmen jaitsi zela. Jakina ere bada, 1824an, Donostia, Hernani, Arano eta Goizuetako alkateak bildu zirela izokin-arrantzaren inguruko eztabaida eta gatazkak argitzeko helburuarekin.

Errioan gora ikusiko ditugu orain izokinak, korrontearen kontra, ugaltzeko helburuarekin. Sortutako leku berean ugaltzen baitira izokinak. Izokina espezie anadromoa da. Itsasoaren eta ibaiaren artean egiten du bere bizi-zikloa. Udaberrian hasten dira handienak itsasotik gora igotzen, eta urri-azaro aldera hasten dira txikiagoak.

Orain da ugaltzeko garaia, ibaietan oheak egiten dituzte eta izokina kumeak sortuko dira. Ibaian pasako dute urte bat edo bi, eta udaberria aprobetxatuz itsaso aldera gerturatuko dira. Prozesu polita da hor ematen dena: adibidez, izokina aldatu egingo da gorpuzkera aldetik, urdindu egingo da. Itsasorako bidea taldean egingo dute, itzulera, bakarka.

Sorlekutik itsasoraino iristeko 5000 kilometro baino gehiago egiten dituzte. Groenlandia, Feroe irlak ingurura iritsi eta han handitzen dira krillari esker. Han indarra hartuko dute berriro ibaira buelta egiteko. Baina nola egokitzen dira ur gazitik ur gezara? Bere denbora behar dutela azaldu digu Sanz Azkuek, eta osmosiaren bitartez egiten dutela.