«Poliziek eta militarrek eragin dute tartea hain txikia izatea Lula eta Bolsonaroren artean»
«Pozik» jaso du Lularen garaipenaren albistea Brasilgo presidentzialetan Bilbon bizi den Amanda Verrone brasildarrak, baina «beldurtuta» ere Bolsonarok momentuz ez dituelako emaitzak onartu. «Estatu kolpea» baztertu ezin dela ohartaraziz, langileriaren garaipena ospatzera deitu du Naiz Irratian.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
PT Langileen Alderdiko Luis Inazio Lula da Silvak irabazi du Brasilgo presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia, botoen %50,8 eskuratuta –59,7 milioi boto inguru–. Gertu, oso gertu izan du Jair Bolsonaro; izan ere, botoen % 49,1 eskuratu ditu ultraeskuindarrak, 57,7 milioi guztira. Brasilen hauteskunde batzuetan inoiz izandako tarterik txikiena da.
Gutxigatik beraz, baina brasildarrek ezkerreko estatuburu bat izango dute 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, gobernuak bozkatzera joateko jarritako trabak gora-behera. «Poliziek eta militarrek eragin dute tartea hain txikia izatea Lula eta Bolsonaroren artean», adierazi du Amanda Verrone Bilbon bizi den brasildarrak.
Irregulartasunez jositako hauteskundeak izan dira, eta herrialde osoan zehar bozkatzera joateko oztopoak salatu dituzte Lularen jarraitzaileek. Trafikoko Polizia Federalak gutxienez 514 esku-hartze egin ditu garraio publikoa fiskalizatzeko, Lula da Silvaren aldeko eremuetan.
Oztopoak oztopo, eskuineko sektoreen «gorroto diskurtsoa» gainditzeko gai izan direla ondorioztatu du Verronek. «PTk eta Lulak lortu dute sekulako erreakzio ahalmena izatea eta fronte zabal bat jostea», nabarmendu du.
Testuinguru zail honetan, eta ultraeskuinak emango duen erantzuna ikusteke, langileriaren eta klase txiroenen ausardia ospatzera deitu du: «Brasilen orokorrean ezkerreko gobernuak beti izan dira salbuespenak. Horregatik ospatu behar dugu Lularen garaipena».
Bolsonaroren erantzunaren zain
Amanda Verronek Naiz Irratiarekin hitz egin duen unean, oraindik ere presidente den Jair Bolsonarok adierazpenak egin gabe jarraitzen zuen; ez zuen agerraldi publikorik egin, ez zuen Lula aurkaria zoriondu, are gutxiago honen garaipena onartu.
«Brasilen dena posible dela ikusi dugu», dio Verronek, Lula beraren espetxeratzea edota Dilma Rousseffen aurkako «kolpe juridiko-mediatikoa» gogora ekarriz. Zentzu horretan, argiki mintzatu da Verrone: «Estatu kolpeari aurre egiteko prest egon behar dugu».
Erronka nagusiak
«Indarkeriaren legitimazioa», «emakumearen aurkako gorrotoa», «talde mendekostisten indarra» ala pandemia zein aldaketa klimatikoaren ukazioa izan dira Bolsonaren agintaldiaren ezaugarri nagusietakoak Verroneren arabera.
Bitartean, pobrezia izugarri zabaldu da, eta «gaur egun 33 milioi brasildar baino gehiagok gosea pasatzen dute», Bilbon bizi den brasildarrak gogora ekarri duenez. Hortxe izango du erronka nagusia Lularen gobernuak.
Brasilgo gizarteak bizi duen zatiketa gainditzea eta herrialdeak nazioarteko egituretan eta bereziki eskualdekoetan zuen lidergoa berreskuratzea izango dira Lularen beste helburu nagusiak. Hala ere, ez da lan erraza izango, gaur gaurkoz egitura politiko eta instituzionala eskuinerantz dagoelako. Parlamentua bezala, senatua ere eskuinak kontrolatzen ditu. «Lulak agintzeko akordio asko egin beharko ditu, gehiegi esango nuke», ondorioztatu du Verronek.