IRRATIA
Entrevue
Jon Zayas
Statkraf enpresaren ‘Piaspe’ proiektuko zuzendaria

«Enpresa batzuek proiektuak sortzen dien interesa jakinarazi digute»

Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean Statkraft enpresa norbegiarrak egin nahi duen ‘Piaspe’ izeneko parke eolikoaren zuzendaria da Jon Zayas (Irun, 1992) eta urriaren 11an Azpeitiko Soreasu antzokian egin zen batzarrean parte hartu zuen, enpresaren asmoak herritarrei azaltzeko.

Jon Zayas, ‘Piaspe’ proiektuko zuzendaria. (STATKRAFT)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Statkraft-ek Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi duen parke eolikoak interesa piztu die batzuei, haserrea besteei: Sañu Bizirik plataforma herritarrak biltzen ditu ‘Piaspe’-ren kontrako ahotsak, baina instituzioek, Azpeitiko Udalak kasu, proiektua aztertzeko gogoa adierazi dute.

Kontrako nahiz aldeko ahotsak entzun zituen Jon Zayas ‘Piaspe’ proiektuaren zuzendariak urriaren 11an egitasmoa jendaurrera azaltzera agertu zenean, Azpeitiko Soreasu antzokian. Hala ere, batzarra «ondo» joan zela adierazi du NAIZ Irratian, Statkraft «herritarrak entzuteko prest» dagoela nabarmenduz. «Egia da badagoela talde bat proiektuaren aurka, baina errealitate bat da, era berean, gehiengo bat dagoela proiektuari buruz informazio gehiago jaso nahi duena», azaldu du. Horien artean, gehiago zehaztu ez badu ere, segurtatu du «enpresa batzuek» parke eolikoaren proiektuak sortzen dien interesa jakinarazi diotela Statkraft-i, «baita udalerriek eta Euskadiko Gobernuak ere». «Alde guztiekin hitz egiten ari gara, haien aholku eta kezkak entzuten, proiektuaren garapenean kontuan hartzeko», gaineratu du.

Edonola ere proiektua «hasierako fasean» dagoela azpimarratu du Zayasek. «Estatu mailan horrelako proiektu bat garatzea bost-sei urte luzatu daiteke eta momentuz ez da ezer finkoa», ziurtatu du.

«Biztanleriari energia merkeagoa eman nahi diegu, eta industriei ere aukera hori zabaldu nahi diegu. Hori da helburua: energia merkea biztanle eta industrientzat»

Une honetan, ingurumen azterketekin eta bestelako azterketa teknikoekin ari da lanean enpresa publiko norbegiarra, eta artean ez dute energia neurtzeko azterketa hasi. Estimazioak dira, beraz, orain arte emandakoak: parke eolikoak 33 Mw-ko potentzia osoa izango duela, aerosorgailu bakoitzak 5-6 Mw-koa. Zayasek zehaztu du parkeak 24.000 etxebizitza hornituko lituzkeela energia garbiz.

«Zonalde aproposa»

Proiektua Azpeiti, Errezil eta Zestoa artean garatu nahi izatearen arrazoiaz galdetuta, erantzun laburra eman du irratian Jon Zayasek: «Errekurtso eolikoa dagoelako, haizea dagoelako». Horrez gain, orain arte garatu dituzten ingurumeneko azterketen arabera, Sañu ingurukoa «zonalde aproposa da parke eoliko baten garapenerako», ‘Piaspe’ proiektuaren zuzendariaren hitzetan. Besteak beste, zehaztu du, energia lotzeko Lasaoko azpiestazioa «gertu» dagoelako, 3,8 kilometrora (ohiko kasuetan azpiestazioak 15 kilometrora egoten dira bataz beste), eta aerosorgailuak eraikitzeko beharko liratekeen bideen %91 jada eginda daudelako.

«Sortutako energia sare orokorrera lotzen da fisikoki, zehazten da zenbat energia lotu dugun eta kontratuak kooperatiba energetiko ezberdinekin egiten dira»

Parke eolikoek inpaktu bisuala eragiten dutela ez du ukatzen Statfkraft-ek, hala ere, aeorosorgailuak EAEn orain arte instalatu direnak baino handiagoak izateak inpaktu hori murriztuko lukeela azpimarratu du Zayasek. Hain zuzen, aerosorgailu gutxiagorekin energia gehiago sor dezaketelako: «Gaur egun Euskadin 153 aerosorgailu daude instalatuta. Horien bataz besteko potentzia 1 Mw-koa da, eta bataz beste ehun metro neurtzen dute. Baloratzen ari garen aerosorgailuek bataz beste 6-7 Mw-ko potentzia dute eta 205 metroko altuera. Aerosorgailu horrek duela 15 urte instalatutakoek baino zazpi aldiz potentzia gehiago dute. Kontuan hartu behar da, horrela, lursailaren okupazioa eta inpaktu bisuala murrizten dela: 35 erabili beharrean bost erabiliko ditugu», azaldu du.