«Fusilatuen zerrendan osaba fusilatu zuteneko data agertzen zen, ‘+ sin nombre’ jarrita»
2005. urtean abiaturiko ikerketa lanek emaitza izan dute. Pedro Asuaren gorpuzkiak izan daitezkeenak topatu eta desobiratu dituzte Jakako hilerrian.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Josu Larrea ilobaren bultzadaz burutu dira Pedro Asua galdakoztarraren bilaketa lanak. Gaztetan ez zion garrantzia berezik eman aferari. «Ordurarte nekiena da gerran fusilatu zutela», zehaztu du. 2005ean, aldiz, Paco Etxebarriarengana jo zuen, Asuaren ibilbidea jarraitu nahian. Azkenean, mediku forentseak bidalitako liburu batean osabaren exekuzio data topatu zuen. «Fusilatuen zerrendako lerro batean osaba fusilatu zuteneko data agertzen zen, ‘+ sin nombre’ jarrita, zerraldoen liburuan jarri zuten bezala».
Pedro Asua 1916an jaio zen Galdakaoko Elexalde auzoan. 1936ko Estatu kolpea eman eta berehala boluntario joan zen frontera Izquierda Republicanarekin. Ikerketa lanak gauzatu dituen ilobak Intxorta, Gamiz-Fikan kokatu ditu, Burdin Hesiaren punturik ahulenean. Goikoetxea «traidorearen» desertzioaren ondorioak nabarmendu ditu Josu Larreak. «80 bat artilleria pieza eta 100 hegazkin inguru erabilita, bere batailoiaren %20a txikitu zuten, eta handik Bilbora egin zuten. Bertan harrapatu zuten».
Bilbon atxilotu ostean, Asturiasen espetxeratu zuten, Zangozan sailkatu eta Jakako langileen batailoi diziplinarioetan barneratu. Aragoiko hiriko suhiltzaileen egoitzan mantendu zuten, bortxazko lanak gauzatzen zituen. Bertan, «ausazko» topaketa batek Bizkaiko bi militar «faxistekin» elkartu zituen. «Paseoan zebiltzan Basio Astarloa galdakoztarra eta Miguel Ordezo Areatzakoa. Beste bat aurkitu zuten eta hark esan zien ‘Pedro suhiltzaileen kasernan dago’». Topaketa honen ondorioz epaitu zuten.
Ander Aperribai historialariaren esanetan, Pedro Asuak «gerra amaitzea nahi duela, hau da, gorriek garaitzea nahi duela» ebatzi zuten matxinatuek. Honen ondorioz, «egun pare bateko epaiketaren bitartez, 1938ko otsailaren 7an, fusilatu zuten».