IRRATIA

«Dituen itzal guztiekin ere, bertara doan edonor argiztatzen duen herrialdea da Mexiko»

Aurreiritziz jositako lurraldera, Mexikora jo zuen Maialen Arteaga Gonzalez zornotzarrak kazetaritza ikasketen hirugarren maila gautzatzera, han eman zuen urtebete. Segituan egin zituen bertako lagunak, eta horrek aukera eman zion benetako Mexiko ezagutzeko.

Maialen Arteaga Mexiko Hirian (Maialen Arteaga)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Herrialdearen bihotza, Mexiko Hiria gordeleku, askotariko bidaiak egin zituen, tartean, Oaxakako kostara nahiz Txiapasera Unibertsitateko ikasketetan bilatu zuen Maialen Arteaga Gonzalez zornotzarrak aitzakia maleta egin eta, ozeanoz bestalde, Mexikora joateko. Hiriburuan kokatuta, bertan bizi izan zen ia urtebetez, bidaia bera eguneroko bizimodu bilakatzeraino. Haren esanetan, herrialdearen ertzeen berri izatearekin batera ezagutu zituen bere gorputzeko mugak. 

Hiriburuaren tamainari ezin neurria hartuta lurreratu zen Mexiko Hirian, «nik uste nuen palmondoz betetako leku paradisiako batera nindoala» esan du. Azkar ohartu zen karibeko giroak ez duela Mexiko osoa hartzen. Azkar baino lehen topatu zuen goxotasuna makina bat txokotan. Mexikoren zorigaitzak zorigaitz, aurreiritziak deseraiki, eta erraiak ezagutu zizkion herrialdeari, Euskal Herritik abiatutako ikasleekin zein bertan ezagututako lagun mexikarrekin batera.

Hiriburuko distantziak handiak dira, eta horregatik erabaki zuen unibertsitate inguruan bizitzea. Euskaldunekin eta mexikarrekin bizitu zen. «Beraiek ez ziren DFkoak, haien etxeetara gonbidatu gintuzten, gabonak haiekin pasa genituen eta zorionez benetako Mexiko ezagutu genuen». UNAM unibertsitatean ikasi zuen, «izugarria da zenbat ikasgai dauden. Eta ikasgai bakoitzeko zenbat klase. Metodologiaren arabera ere klase bat edo bestean izena emateko aukera zegoen....», azaldu du Arteagak.

Kazetaritzari buruz ikasi bai, baina ez zuen tarterik galdu bidaiatzeko. Horietako abentura batean, Oaxakako kostako patxadara jo zuen abendu partean, neguko hotzak palmondoen artean epeltzera. Denborak beste erritmo bat hartzen omen du surflari askoren paradisu den kostan; hiriburuko azkartasunetik ihes egiteko formula bikaina. Hala, kresal girotik barrualdera egin zuen, ondoren, Txiapasera, «iraultzaren bihotzera». Komunitate zapatistatik gertu, hizkuntza natiboen artean, antzinako maien ondarean murgildu zen.

Bidaia horiek guztiak balio izan zioten Arteagari barne garapenerako ere. Bere feminismoa berrikusi «Europako diskurtsoarekin nentorren», fruitu eta janari berriak dastatu, eta «jendea irakurtzen» ikasi, «konfiantza eman, baina azkarra izan behar zara» azaldu du. Azken hori ikasteko pare bat hilabete behar izan zituela gogoratu du barrez Areagak. 

Euskal Herrira itzuli zen, baina bihotz zati bat Mexikon josi zitzaion. Aurkituko al du beste
aitzakiaren bat puska horren bila itzultzeko?