«Egungo elikadura sistema ez dago jendea elikatzera bideratua»
«Europak ez ditu bere elikagaiak ekoizten eta beste herrialde batzuk jazarriz asetzen du beharra». Maritxu Arroyo baserritarraren hitzak dira horiek. Urriaren 17tik 23ra bitartean Via Campesinako ordezkariak Euskal Herrian izango dira, besteak beste, elikadura burujabetzaz hausnartuko dute.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Urriaren 17tik 23ra bitartean, Via Campesinako hainbat erakundetako ordezkariak izango ditugu Euskal Herrian, munduko txoko ezberdinetatik etorriak. Euskal Herriko ordezkariak ere elikadura burujabetzaz hausnartzeko asmoa duten ‘Erresistentzia Haziak’ jardunaldietan dira, eta Maritxu Arroyorekin hitz egiteko aukera izan dugu NAIZ Irratiko Gelditu Makinak saioan. Arroyo baserritarra da eta Etxaldeko Emakumeak mugimenduko kidea.
Nolatan antolatu dituzue ‘Erresistentzia Haziak’ jardunaldiak?
Via Campesinaren delegazioa egongo da, Euskal Herrian Nazioarteko barne mailako bilera baitute. Hainbeste herrialdetako emakumeak bertan egotea aprobetxatuko dugu elkarrekin egoteko espazio bat sortzeko eta hemengo baserritar eta herri mugimenduekin harremanak estutzeko. Interesgarria iruditzen zaigu, batez ere, emakume-delegazioa izango delako eta Euskal Herriko elikadura burujabetzaren militanteek bertatik bertara ezagutu ahal izango dutelako Via Campesina, bere borrokak eta baita mugimenduko herrialdeak, kulturak, egiteko erak, etab.
Egiturari dagokionez, nolako jardunaldiak dira?
Azken urte hauen ondoren, elkartzeko gogoa dago eta landa eremuko emakumeok gustura egongo garen espazio bat sortu nahi izan dugu. Lehen eguna, urriaren 17a, pixka bat irekiagoa izango da, helburu izanda beste herrialdeetatik etorri diren emakumeak ezagutzea, zelan eraikitzen duten feminismoa beren lurraldeetako baserrietan. Tailer bat ere izango da, ‘sukaldea politizatzen’, izenekoa. Etxaldeko Emakumeak ariko dira otorduak prestatzen bertako produktuekin eta praktikaren balio politikoa azpimarratuko da. Bigarren eguna, berriz, sektoreari begira antolatu dugu. Etxaldeko Emakumeen inguruko baserritarrek proposatutako tailer praktiko-politikoak izango dira oinarri, denak ere hausnarketara bideratuak.
Jardunaldiak Artean izango dira eta garrantzia berezia eman diogu horri landa eremua delako eta elikadura burujabetzaren gaineko gogoetak bertan egiteak indar handia duelako. Gainera, espazio kolektibo bat da, ateak irekiak dituena beste herrialde batzuetako militanteentzat.
Via Campesina mugimenduaren parte izanagatik, herrialdeek errealitate aski desberdinak bizi dituzte. Etxaldeko Emakumeek zer jaso eta zer eskaintzen duzue mugimenduan?
Uste dugu errealitate desberdinak direla herrialdeetan baina arazoak berdinak direla, izan ere, elikadurari eta agro-negozioari begira kate global bat dago. Konponketak nork bere eremuan aurkitu behar ditu, noski, baina loturak zuzenak dira eta irakurketak bateratuak. Via Campesinan gauden eragileek uste dugu egungo elikadura sistema ez dagoela jendea elikatzera bideratua, baizik eta merkatuaren legeen arabera baliatzen diren merkantziak izateko. Gainera, herrialde guztietan galdu dugu gure elikagaiak ekoizteko gaitasuna. Horren beste aldea da boterearen erabilera, zeren eta Europak ez ditu bere elikagaiak ekoizten baina beste herrialde batzuk jazarriz asetzen du bere beharra, esplotazio bidez, alegia. Hor ikusten da katea globala dela eta konponbideak ere globalak izan behar direla, nahiz eta, ondoren, maila lokalean bilatu elikadura burujabetza, elikagaiak ekoizteko eskubidea eta sistema zirkular propioa ekoizpena, distribuzioa, komertzializazioa eta kontsumoa barnebiltzen dituena. Ez baita soilik elikagai agroekologikoak ekoiztea, baita ere da ekoiztetik mahairako bidea nolakoa den.
Euskal Herrian ze baldintza daude ekoizpen agroekologikorako?
Bi alde daude: batetik, baldintza objektiboak, baldintza naturalak, onak dira. Euskal Herrian orografia eta ekosistema dibertso eta aproposak ditugu, lur emankorak ditugu eta hiria eta landa eremua hurbil daude. Horrek, baldintza ezin hobeak eskaintzen ditu, gure muga guztiekin, sistema burujabe bat artikulatzeko. Bestetik, lehentasunak daude: gure lurrak ez dira baliatu elikagaiak ekoizteko, lur emankorrenak azpiegitura handiak eraikitzeko erabili dira (industriak, abiadura handiko trenak…). Hemen ez dago interesik elikagaiak ekoizteko eta baserritarrak gero eta bazterrerago joan behar izan dira, hala nola, mendialdeetara. Beraz, kontraesan bat dago hor. Egun, irakurketa ez da oso positiboa baina sinesten dugu, ardura politikoz, posible dela buelta ematea.
Zein da sektorearen egungo egoera?
Baserritar gutxi daude Euskal Herrian, bizimodu prekarioa delako. Beste sektoreetan bezala, politika publikoak oso garrantzitsuak dira, esaterako, industrian politika publikoek sustatzen dute ze eratako industria nahi den eta normaltzat dugu hori. Uste dut baserrian ere badutela ardura instituzioek. Bestalde, gure elikaduraren kargu izatetik urrun gaude eta, gizarte bezala, ardurak hartu behar ditugu.
Baserritarrak eredu agroindustrialera kondenatuta daude?
Eredu industriala eta eredu agroekologikoa ezin dira elkarbizi, baten edo bestearen alde egin behar da apustu. Uste dugu posible dela errenta eta bizitza duina izatea agroekologikoan, baina, egun, horrelako proiektuak irla txikiak dira handien artean eta eskatzen diren baldintzak eta merkaturako sarbidea berdinak dira, eta ez luke hala behar, ez da bidezkoa.
Etxaldeko Emakumeen ardatzak elikadura burujabetza eta feminismoa dira.
Gure izaera politikoa elikadura burujabetzaren barruan eraiki dugu eta uste dugu feminismoa ezinbestekoa dela. Feminismo hitzak eztabaida handia sortzen du landa eremuan. Guretzat, hitza baino gehiago, planteamenduak daude, alegia, zer ikasi dezakegun feminismotik elikadura burujabetzaren bidea hobetzeko eta zer ekarpen egin diezaiokegun baserritik feminismoari. Mugimendu feminista oso hirikoia ikusi izan da eta gu saiatzen gara gure errealitatera ekartzen eta zabaltzen.