IRRATIA

«Kanporatzen bagaituzte, beste leku batera joango gara»

Otxantegin «lurra herriarentzat» egiten dute aldarri. Okupatutako etxebizitza eta soro bat lantzen dute Uribe Kostako hirigintza ereduaren aurka eta, kanporatze arriskuan dauden honetan argi dute: «Kanporatzen bagaituzte, beste leku batera joango gara».

Otxantegiko sarrera, «ongi etorri» (Otxantegi Herri Lurra)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Joan den apirilean aurkeztu zen ‘Otxantegi Herri Lurra’ proiektua, Berangon kokatuta dagoen XV. mendeko Otxandategi dorretxearen lurrak babestea du helburu eta baita, hiriaren eta baserriaren zubi lanak egitea ere. Uztailean,  eremu horretako lur jabeek ekintzaileak salatu eta epaiketa izan zuten pasa den irailaren 21ean. Bere anonimotasuna gorde nahi izan du m ‘Otxantegi Herri Lurra’ proiektuko kideak, Ilargi ezizenarekin aurkeztu du bere burua Gelditu Makinak saioan. 

‘Otxantegi Herri Lurra’ proiektua dugu hizpide. Noiz eta zergatik sortu da ekimen hau?

Otxantegi Herri Lurraren hastapena duela urte t’erdi izan zen baina, izatez, aurrez egon diren beste mugimendu batzuetatik dator, horien artean, ‘Tosu bizirik’, ‘Berango lurraren defentsan’ eta ‘Gune’. Hala ere, aurreko proiektuetatik datozenek eta orain batu direnek komunean dutena da planteatzen dela Uribe Kostarako eta, oro har, Euskal Herrirako beste hirigintza eredu bat.
Esan bezala, duela urte t’erdi heldu ginen sorora eta hartu genuen etxea. Bertan zegoen maizterra bota zuten eta jarraian sartu ginen gu. Irekiera ofizialera arte, ordea, denbora pasa da. Eraikina barrutik oso txarto zegoen eta denbora behar izan dugu lekua atontzeko. Irekiera publikoa, beraz, aurtengo apirilaren 2an izan zen.

Zuen lan-ildoak bi direla esan daiteke: batetik, plan urbanistikoak salatzea eta, bestetik, ortu baten zaintza.

Bai, helburu nagusia da etxebizitza-eraikuntza proiektu bat geldiaraztea —hain zuzen soro horretan egingo diren 500 etxebizitzena— baina, zeharka, beste hainbat gauza egiten ditugu, esaterako, soroa lantzea. Lur-sail osoak 8 hektarea baditu, ortuaren eta soroaren artean hektarea bat izango dugu landatuta, gutxi gora-behera.

Zer da ortuarekin aldarrikatu nahi duzuena?

Guk ortua leku jakin batean jarri dugu baina dugun arazoak Uribe Kosta osoari eragiten dio. Iruditzen zaigu Uribe Kostan nekazaritza eta abeltzaintza (nekazari eta abeltzainak) ikaragarri zapaldu dela eta ez dela ia lekurik geratzen jendea horretaz bizitzeko edo horretatik ikasteko. Gure eskualdean ia ezinezkoa da hori. Lur-sailik baduzu, arazoak dituzu aurrera egiteko eta, ez baduzu, sarbidea ia ezinezkoa da lur eskuragarri gutxi daudelako eta daudenak oso garesti. Horrez gain, nekazaritzarako egokiak diren eta babestuak zeuden hainbat lur (hau tartean), 2011ko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren bidez urbanizagarri gisa katalogatu ziren.

Ekintza, auzolan eta ekimen kultural ugari antolatzen dituzue eta iragan asteburukoari helduko diogu. Akanpada antolatu zenuten etxegabetze eta lurgabetze arriskuan zaudetela eta. Zein da egoera?

Egoera nahiko iluna da. Apirilaren 21ean izan genuen epaiketa, izan ere, jabeekin ahozko akordio batera heldu baginen ere, proiektua publiko egin zenean salaketa bat ipini zigun familiak. Uste dugu udalaren presiopean-edo egingo zutela. Ertzainek momentu horretan bertan zegoen pertsona bat identifikatu zuten. Epaiketa pertsona horrek izan duen arren, sententziak proiektu osoari eragingo dio. Zain gaude, baina, ez dugu fede handirik bide judizial honetan.


Kanporatze honen aurrean, zer irakurketa egiten duzue?

Inguruko udalerrietako udalekin esperientzia dugu eta badakigu lurrak espekulatzeko besterik ez dituztela nahi. Gainera, azken hamarkadan oso basatia izan da jarraitu duten hirigintza plana. Proposatzen diguten bizitza da lanetik etxera eta etxetik supermerkatura. Badakigu zer dagoen, ez gaitu sorpresaz harrapatu eta saiatu behar gara horrelako proiektu txiki gehiago sortzen eta sarea indartzen. Herritarren babesa ezinbestekoa da.

Panorama zein den jakitun, aurrera begira ze asmo dituzue?

Gure asmoa, etorkizun hurbilean, orain arte moduan jarraitzea da, kanporatzea heldu arte. Une hori heltzen denerako estrategiak pentsatzea dagokigu, nola jokatu jakiteko. Kasurik okerrenean, botako bagintuzte, beste leku batera joango gara. Beti dago eraikin bat hutsik.