Online jokatzeko 'Steam' plataformara iritsi da euskara
Euskaraz jokatu ahal izango da Steam online plataforman. Euskararekin batera beste 73 hizkuntza gehitu dituzte bideojokoen fitxetara: horien artean daude katalana, galiziera nahiz valentziera. Plataforma bera, zoritxarrez, ez dago oraindik euskaratuta.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Aste batzuk baino ez dira igaro Game Erauntsiakook oporrak hartu genituenetik. Hala ere, udan albiste garrantzitsu mordoa jaso ditugu; horietako asko, euskal bideojokozaleen komunitateak desiratu izan dituenak, gainera. Izan ere, bideojokoen plataformarik handienetakoak euskara gehitu du bere barruetara: Steam saltokiak bideojokoen fitxetan gure hizkuntza inplementatu du.
Pozez txoratzen gaudela esan beharra dugu, espero genezakeen albisterik onenetarikoa baita. Eguneraketa honi esker, ofizialki euskaraz joka daitezkeen bideojokoen garatzaileek horixe bera adieraz dezakete beren obren Steameko orrialdeetan. Horrela, gure mintzairan dauden bideojokoak modu errazean bila daitezke, aldi berean sortzaileei tituluak euskaraz kaleratzera animatuz.
Nola ez, berritasun honek ez luke ezertarako balioko euskaratutako lanik ez balego; zorionez, udako oporraldian askotariko berriak jaso ditugu arlo honetan. Steamen, esate baterako, Kogarashi eta Veggie Menace guztiz euskaratuta estreinatu dira. Etorkizunean, gainera, Her tears were my light eta Basureroes: Invasion iritsiko dira.
Kontsolak ahaztu gabe, hauek jaso dituzten lokalizatutako tituluak ezagutzeari ekin diogu irratsaioan: Itadaki Smash Switch-era iritsi da, eta Super Woden GP laster kaleratuko da kontsoletan euskarazko bikoizketarekin. Mugikorrek Papers, Please maisulana jaso dute gure hizkuntzan, eta GrinGoRun zein Pixel Wheels bezalako joko txikiak ere joka ditzakegu modu horretara.
Bestalde, irratsaioko gai nagusietako bat Nintendo-k egindako azken Direct aurkezpena izan da. Bideojoko interesgarri mordoa ezagutu ditugu bertan: Fire Emblem Engage eta Pikmin 4, adibidez. Are garrantzitsuagoa da, ziurrenik, The Legend of Zelda sagako hurrengo atalaren informazioa: Tears of the Kingdom deituko da, eta 2023an iritsiko da Switchera.
Tokyo Game Show azoka, zoritxarreko Cyberpunk 2077-ren berritasunak zein Assassin’s Creed frankizia arrakastatsuaren 15. urteurrenean iragarritako bideojokoak errepasatu ditugu gurean, gainera.
Bukatzeko, gure saga maitatuenetakoaren 20. urteurrena ospatu dugu saioan. Battlefield-ek hainbat arazo ditu gaur egun, baina horrek ez du esan nahi bere atalik onenak ahaztu behar ditugunik. BF 1942, Vietnam, Bad Company zein BF1 bezalako lanak gogoratu ditugu, baita horren gogorratua egin den BF 2042-ri buruzko iritzia eman ere.