Ander Lizarralde: «Guardia Zibila han bazegoen, zergatik ez zituzten topatu? Ezinezko oreka da»
1990eko ekainaren 25ean, Irunberriko arroilan izan zinen umetan? Galdera honekin Gure Bazterrak elkarteak Susana Arregi eta Jon Lizarralde ETAko militanteen heriotza argitu nahi du.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
German Rubenach-ekin batera, Irunberriko arroilan zeuden hiru militanteak, Guardia Zibilaren patruila bat iritsi arte. Lehen tiroketa batean Jose Dominguez Periz sargentua gerrian zauritu zuten eta Rubenach belaunean. Eguerdian jazotako tiroketa horretatik Arregi eta Lizarralderen gorpuak topatu arte, ezezagutza da nagusi. Senideek esan izan dute soilik Guardia Zibilak dakiela zer gertatu zen. Zabalduriko bertsio ofizialaren arabera, Susana Arregi eta Jon Lizarraldek elkarrekin egin zuten buruaz beste, atxilotuak ez izateko.
Gure Bazterrak taldeak urtebeteko epea jarri du gertaturikoa aztertzeko. Pako Juaristi idazle eta kazetariarekin elkarlanean, liburua argitaratuko dute 2023ko udaberrirako. Ander Lizarralde, Gure Bazterrak elkarteko kidearen esanetan, Espainiar estatuak ezarritako bertsio ofiziala zalantzan jartzen saiatu dira. «Itxura guztien arabera, bi egun haietan atxiloketa bat izan zen. Horren zantzuak daude».
Sumarioa aztertu ostean, 1990. urteko ekainaren 25 hartan, Irunberriko arroilan Gasteizko haurrez betetako bi autobus zeudela topatu dute. Egun, 35 eta 45 urte artean izan ditzakete eta hauen bila dabiltza. «Ikusi genuen autobuseko umeen presentzia bat zegoela. Aukera bakarra dira German bera, Herberehetako bikotea, edo autobuseko haurrak. Ez gaude oso ziur baina ate hori jo behar dugu eta ikusi ea norbait agertzen den egun hartako oroitzapenak kontatzeko».
«Kasu berezi bat da»
Irunberriko arroila bi tunelek mugatzen dute. Susana Arregi eta Jon Lizarralderen bilaketarako Guardia Zibilak operazio berezia antolatu zuen bi puntu hauen artean. «Bi tunel horiek itxita, ez dago irteteko modurik», baieztatu du Lizarraldek. Ostera, bilaketak 20 orduko iraupena izan zuen. «Ezinezkoa» da Gure Bazterrak taldeko kidearen hitzetan bi ETAkideak lehenago topatu ez izana. «Ezinezkoa bada ez aurkitzea, zer gertatu zen? Bi gauzak ezin ziren gertatu. Ez bazuten bere buruaz beste egin, atxilotu egin zituzten».
Txemi Gorostiza abokatuak ziurtatzen du Irunberriko gertakarien ostean Guardia Zibilak hainbat operazio burutu zituela. Ander Lizarraldek dio, operazioak gauzatzeko informazioa soilik arroilako kideek bazuten, Guardia Zibilaren eskuetan izan zirela eta haiek «atera egin zietela segur aski».
Azaltzeko suizidio zaila
Poliziak Jon Lizarralderen biriketako lagin bat aztertu ostean ondorioztatu zuen Irati ibaiko ura zuela «modu oso nabarmenean». «Nahiko frogatua gelditu zen murgiltze ariketak egin zizkiotela. Murgiltze hori bainuontziarekin lotzen da», azaldu du Gure Bazterrak elkarteko kideak.
Susana Arregiri dagokionez, bi tiro zituen buruan. Maria Jesúa Erroba epaileak tiro bakarra jaso zuela baieztatu arren, Ander Lizarraldek zehaztu du bi tiro zituela. «Oso zaila azaltzeko suizidio bat nola burutzen den bi tirorekin».
Nor arduratu zen Irunberriko operazioaz?
Zehaztua dago ETAkideen bilaketa operazioan Guardia Zibilaren GAR unitateak parte hartu zuela, ez nork zuzendu zuen. Ander Lizarragak dio operazioaren burua topatzea «galdera nagusi» dela. Informazio hau Sekretuen Lege frankistaren babespean dago, eta legearen azken aldaketak aplikatuz 50 urte behar lirateke xehetasun guztiak ezagutzeko. «Guardia Zibilek badute zerbait esateko. Hori idatzita egongo da, eta Irunberriko egia hor egongo da. Hala ere, hemendik 50 urteetara jakitea ez da familiarentzat arnasa, ez da herriarentzat arnasa».