«Denboraldi oso konpletoa izan da, eta disfrutatzea lortu dugu»
Euskotren Liga irabazita zuela Kontxako Bandera ere bereganatu zuen Oriok pasa den igandean. Denboraldi bikaina osatu dute horiek, hirugarren Kontxa lortuta. Hori gutxi ez eta, Nadeth Agirre Orioko patroiak ere patroi onenaren saria jaso zuen. «Oso pozik» agertu da NAIZ irratiko mikrofonoetan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Dena irabazita amaitu du Oriok arraun denboraldia. Euskotren Liga irabazita zuela egin zioten aurre gipuzkoarrek Kontxako banderari, azken hau ere poltsikoratzeko. Hori gutxi ez, eta Nadeth Agirre Orioko patroiak patroi onenaren saria ere jaso zuen. Horiek lortzen duten hirugarren Kontxa azken lau urteetan, azken urteetan erakusten ari diren errendimendua kasualitatea ez dela berretsiz.
«Oso pozik» agertu da Nadeth Agirre Orioko patroia gure mikrofonoetan, eta ez da gutxiagorako. Dena irabazi dute. Pozik Kontxa irabazteagatik, baina batez ere «denboraldian disfrutatzeko aukera» izan dutelako.
Bi segundoko errenta zuten bigarren asteburuari begira Arraun Lagunakekiko, baina horren beharrik ere ez zuten izan loria eskuratzeko. Hori bai, Agirrek aitortu du bazekitela «lehia estua» izango zela. «Ez ziguten lasai arnas hartzen utzi, kanporaka sentsazioak oso onak izan ziren, baina bueltan presa sartu eta arraunketatik atera ginen», azaltzen zuen Orioko patroiak. Dena den, bigarren igandean ere garaipena lortu eta beraiena egin zuten Kontxako bandera.