IRRATIA
Entrevue
Hiart Leitza
Beietz! taldeko abeslaria

«Agidanez, emakumeak 30 urte pasa dituenean dena utzi behar du eta gure irudi publikoa agurtu»

Beren musika ‘zeltik parranda’ bezala izendatu du Beitz! talde sakanarrak. Beste Bat saioak egin zituzten ekainean eta, horren aitzakian, ‘Askatu aingurak’ diskoa aurkeztu zuten MusikHaria saioan.

Musika tradizional zeltiarretik abiatuta, festa giroko doinuak jorratzen ditu Beietz! talde arbizuarrak. (Adolfo LACUNZA)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Mikel Goikuria, Miren Jaka, Martin Larraza, Oihan Mendinueta, Ainhoa Kintana, Ritxi Areta eta Hiart Leitza dira taldea osatzen duten kideak, ez dira gutxi, eta, haiei, Peio Skalari batu behar zaie, ekoizpenean eta teknikan hura izan dutelako bidelagun.

Zer moduz zabiltza Hiart?

Bada pozik, Beste Bat saioak egiteko aukera izan dugulako eta orain elkarrizketa honen atarian nagoelako.

Nolakoa da horrelako saioak prestatzearen kontua?

Badu bere lana, baina, egia esateko, pozik. Aukera ematen du gure eraginak hartu, jaso, bildu eta sortatxo batzuetan banatzekoa. Gainera, nik irratia bereziki maite dut, hortaz, gustura egin dut lan.

Esango dugu zu Euskal Herria Irratian aritua zarela.

Bai, hala da. Urte dexente izan ziren, 10 urte eta irratia benetan gustukoa dut.

Disko aurkezpena egiterakoan, gainera, zure kazetari gaitasunak baliatu zenituen. Audio bidezko aurkezpenak bidali zenituen diskoari buruzko azalpenak emateko.

Ez genekien nola egin aurkezpen hori. Ez gara talde ezaguna eta ez genekien prentsaurreko bat antolatzeko adina kazetari biltzeko gai izango ginenik. Hartara, kazetariak ekarri ordez, guk bidali genituen audio pieza batzuk. Badakit kazetariok normalean zer gauza galdetzen ditugun, hortaz, albistegiei begira eta abar prestatutako zatiak dira. Pozten naiz zerbaitetarako balio izan bazuen.

Diskoaren muina bada festa giroa eta doinu zeltiarrak uztartzea, aurretik ere hori aldarrikatu izan duzuelako. Dena dela, nondik hasten da bidea? Musikan ibilbidea duzuen kideak batzen zarete, Sakanan, musika talde hau osatzeko.

Gehienok Arbizurekin lotura bat badugu, nahiz eta Lakuntzakorik edota Aguraindarrik ere baden. Arbizun musika giroa pil-pilean daukagu. Herriko jaietan herriko musikariekin egiten da halako kontzertu bat eta kantu batzuk prestatzeko animatu gintuzten. Aurretik harreman handirik ez genuen musikari batzuk elkartu ginen 2018an eta prestatu genituen abestiekin eta pozik geratu ginen. Horrela hasi eta kantu propioak sortzeko pausua eman genuen.

‘Zure bila’ kantuan musikari berari abesten diozuen, nahiz eta mezua gehiago zabaldu daitekeen itxaropenaren ikuspegitik. Zer da, beti kantu perfektuaren bila ibiltzen zaretela?

Bai ezta? Pixka bat kantu horren bila ibiltzen gara. Askotan kantua sortzeko triste egon behar hori ere bada, tristurak gehiago inspiratzen gaituelako beste gauza batzuk baino… Gaueko edalontzi hutsaren usaianarekin sortzen diren kantu horiek.

Kantu honetan bada entzuten den instrumentu bat, biolina sartu aurretik, zalantza dudana zer ote den. Nota lodienak saxofoi itxurako zerbaitekin entzuten dira eta ez naiz identifikatzeko gai.

Saxofoirik ez dugu sartu, beraz, nik uste bibolin bat dela nota oso baxuak joz. Estribillo horretan gainera mila gauza daude eta ez da erreza bakoitza zer den identifikatzen, ekoizleak berak ere buruhauste dezente izan zituen guztiak entzun ahal izateko.

Ekoizlea ere aipatuko dugu, taldekide bat gehiago bezala aurkezten duzuelako, aurretik musikari lanetan ibili baitzen zuekin, Peio Skalariz ari gara.

Ezinbesteko kidea da eta esan dezagun bera dela taldeko arima. Hasieran bateria jotzen hasi zen baina eskuan badu arazo bat eta ezin izan du instrumentu horrekin segi. Gero auskalo zer egingo duen sendatzen denean. Hori bai, hasieratik berak egin izan ditu abestiak, produkzioa eta grabaketa. Eta, bigarren disko honetan nahiz eta berak ez duen bateriarik jo, berak sortu ditu abesti guztiak musikari dagokionez. Bera arduratzen da horretaz eta ni gehiago letra eta ahotsen melodian zentratzen naiz.

Hortaz, buruhausteak bera sortzen badu, nahikoa argi edukiko du zer nahi duen.

Bai, bai, oso argi. Berak ateratzen ditu partitura guztiak eta oso garbi dauka nolakoa nahi duen izatea abestia.

Diskoa irekitzen duen kantuan, ‘Batera’ abestian, marea moreari egiten zaio aipamena. Zu nondik zatozen aipatu behar, Skalariak taldean urte askoan ibilia zarelako. Oholtzan orain frontwomana zara, lehen atzean ibiltzen zinen. Atzetik aurrerako bide horretan, nola ikusi duzu emakumeek eszenan izan duzuen bilakaera hori?

Galdera konplikatua egin didazu. Gaur egun begi bistan da emakumeak oholtza gainean gaudela. Orduan gutxi ginen eta, bai, ni orain aurrean nago eta orduan atzean nintzen. Skalariaken azken kontzertua 2006an edota 2007an izan zen eta orduan gutxi ginen. Orain badirudi askoz gehiago daudela, baina ez dira askoz ere gehiago. Musikaren mundua bada emakume gutxi dagoen tokia eta gizartearen islada oso garbi ikusten da bertan. Ateratzen garenetako asko pianoa jotzen edota frontwoman bezala ikusten dira, baina askoz ere gutxiago dira gitarra-jotzaileak, baxu-jotzaileak edota bateria astintzen dutenak. Hartara, mundu oso maskulinoa izaten jarraitzen du.

Alde horretatik Beietz! taldean bagara hiru emakume, baina gainera adin bat dugunak, eta hori zailagoa da ikusten. Izan ere, badirudi emakumeak 30 urte pasa dituenean dena utzi behar duela eta gure irudi publikoa agurtu behar dugula. Eta nik ere hori egin nuen duela 15 urte, baina orain berriro itzuli naiz, baina ez da ohikoena.

Kantua itsasoarekin lotu duze.

Ez du azalpen askorik behar. Marea morea, denok batera ozeanoaren indarra daukagula esateko erabili dugu.

Baina norbanakoaren askatasuna ere aldarrikatzen da eta irakasle zaren aldetik ikusiko zenuen bi urte hauetan zeinen preso sentitu diren asko. Apiriletik hona nola izan da kontua ikasgeletan maskara kentzearekin?

Hasieran ez zuten kendu nahi, ohitu egin garelako maskara eramatera. Lehenengo egunean denek lotsatuta begiratzen zioten elkarri, aurpegiak asko aldatzen direlako eta batzuk elkar ez zutelako ezagutzen. Zorionez denak ohitu dira bukaerarako.

Esaten nuen ‘Libre’ kantuak hauei eragin behar dielako. Lotsak kendu eta aurrera egiteko.

Askatasuna ukatu zaigu eta horretaz ere hitz egiten da. Libre izan behar da nahi duzuna izateko, pentsatzeko, sentitzeko, maitatzeko… Oraindik mezu horiek guztiak esan behar dira. Egia esateko, diskoa askatasunaren aldeko aldarriekin atera zaigu, izan ‘Libre‘, ‘Marea morea’ edota ‘Askatu aingurak’ abestiarekin. Eta bi urtez gazteak bahituta bezala egon dira.

‘Libre’ kantuaren bideoklipa atera zenetik urtebete pasa da, ez da oraintxe egina.

Gauza da diskoa guk duela ia urtebete prest genuela, baina gero etorri zen beste olatu bat eta auskalo zer gehiago. Eta guk ez genion zentzu gehiegi ikusten disko bat kaleratzeari jendeak ezin bazuen kalera nahieran irten. Kontzertuak jende esarita eman beharko ditugu? Bada, itxarongo dugu. Hortaz aurrerapen abestia eta bideoklipa botatzea erabaki genuen. Gero gainerako hozkailuan gordetzea erabaki genuen.

Hartara, diskoa kaleratzean haize freskoa hartuko zenuten, lasaitasun moduko bat.

Bai, izan ere prozesu oso luzea izan delako. Lehen diskoa, ‘Erraietatik’, justu itxialdia baino pare bat hilabete lehenago atera genuen. Aurkezpena behar zuena, egin gabe geratu zen. Bidenabar, esan behar dut ez ginela bakarrak izan, hori talde askori gertatu zaiola. Hartara, itxialdi hartan zer egin erabakitzen hasi ginen eta beste disko bat egitea erabaki genuen. Hala, bigarrena etorri zaigu lehena balitz bezala, eta gauzak mugitzen hasi dira eta eskerrak.

Esan daiteke hortaz sortzeak mantendu duela bizirik taldea?

Bai, baina izan dira oso modu gogorrak. Diskoa atera nahi eta ezina, adibidez. Tartean kide batzuk utzi dute taldea eta nik uste dut itxialdiaren zera guzti honek izan duela zerikusirik. Gutxi egiten dugunean gutxiago egin nahi izaten dugu askotan, nagiak hartzen gaitu, baina guk gure buruari zulotik atera behar genuela esan genion eta lanean jarri ginen kantu berriak sortzen. Dena ilun ikusten genuen eta horrek argi pixka bat eman zigun eta hori guztia luzatu egin da, beraz, ez da bide erreza izan.

Eta mugitzeko gogoz ere bazaudete eta horretarako uda sasoia aparta da. Non dituzue emanaldiak?

Bilbon, Leioan, Arbizun, Puiun, Iruñean, Astigarragan, Etxebarrian edota Gorlizen izan gara eta, asteburu honetan, Erromon izango gara hilaren 5ean. Gero irailean etorriko dira Eugiko eta Zizur Nagusiko kontzertuak.

Bada udazkena iritsi aurretik, gozatu dezazuela!

Mila esker!

https://open.spotify.com/album/3FDz8uevryeEOlzoEBZOfF?si=Qdnw6CCZT46_cZY-Z0Gyyg