Eider Garde: «Ez dakit kontziente diren horrelako ekintzekin kontrakoa lortzen dutela»
Elkartasunez Altsasun gazte batzuekin egindako argazki baten harira, isuna jarri dio Guardia Zibilak Nafarroako 0-3 Plataformaren bozeramaile Eider Garderi, baimenik gabeko mobilizazio bat antolatzea egotzita. Haien bertsioa gezurtatu du, nabarmenduz ez zela inoiz elkarretaratzerik izan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Sare sozialetan ikusitako argazki bat nahikoa izan du Altsasuko Guardia Zibilak Eider Garderi, Nafarroan lan gatazkan den 0-3 Plataformaren bozeramaile lanetan aritu denari isun bat jartzeko. Zehazki, legez kanpoko elkarretaratze bat antolatzea egozten diote Garderi. «Guardia Zibilak egiten duen interperetazioa da elkarretaratze bat zegoela eta arduraduna ni nintzela», adierazi du bozeramaileak NAIZ Irratian.
Isuna plataformari presioa egiteko neurritzat hartu duen arren, helburua betetzetik urrun daudela dio Gardek: «Ez dakit kontziente diren horrelako ekintzekin kontrakoa lortzen dutela». Eta are gehiago, isun horrek indartu egiten dituela nabarmendu du. «Baieztatzen digu paltaforman egiten dugun lana egokia izaten ari dela, zintzoa».
0-3 urte arteko zikloko langileek hilabeteak eman dituzte greban euren lan baldintzen defentsan, eta greba bertan behera utzi zuten arren, lan gatazkak aurrera jarraitzen du. «Gatazka konpontzeko saiakera anitzak egin ditugu, baina, argi dago, nafar Gobernuak ez du borondate politikorik irtenbide duin bat emateko». Horrela, ikasturte hasierarekin batera aktibatuko dute berriz borroka, nahiz eta oraindik ez dakite zein formatutan. «Ez dugu etsiko eta orain gertatu zaidanak indar gehiago ematen digu».
Eider Garde izan da, hain zuzen ere, plataformaren aurpegi ezagunenetako bat hilabeteotan eta testuinguru horretan kokatu behar da nafarrari Guardia Zibilak jarritako salaketa. Elkartasunez Altsasun gazte batzuekin egindako argazki baten harira isuna jarri diote, legez kanpoko elkarretaratze bat egitea egotzita. Gardek berak azaldu du lagun artean zebilela 0-3 eskoletako egoera salatzeko egiten ari diren mobilizazioen harira, eta elkartasuna adieraztera agertu ziren gazte batzuekin egin zutela argazkia. Irudi hori sareratu zuten, eta hori da guardia zibilek erabili dutena Garderen aurkako prozesua abiatzeko. «Ezin izan dute, legea eskutan, ezer salatu eta delituak asmatu behar izan dituze. Hori baldin bada haien estrategia, jarraitu dezatela bide horretatik».
Zuzena izan da Garde: «Plataformaren lanetako bat hainbat talde eta kolektiboekin elkartasun argazkiak egitea da, eta hau beste bat izan da». Ziurtatu du bera ez zela Altsasun ere Guardia Zibilak elkarretaratzea kokatu zuen unean eta ez du ulertzen zergatik «argazki honek horrelako ondorioak ekarri dituen». Argudio berberak Guardia Zibilaren kuartelean bertan aipatu ditu. «Ez nuen erantzun zintzorik lortu haien partez» eta, ondorioz, «abokatuek aholkatuta» isuna ordainduko du Gardek, auzi prozesuak kostu ekonomiko handiegia lukeelako, baina gertatutakoa publikoki salatu nahi izan du.