IRRATIA
Entrevue
Maitane Larrayoz
Beti Onak taldeko atezaina

«Ez da Ohorezko Mailara iristea soilik, baizik eta bertan mantentzea»

Maitane Larrayoz Beti Onak-eko kapitainetako bat da eta pozez zoratzen dago Ohorezko Mailara igotzea lortu dutelako. Iaz azken txanpan ihes egin zien igoerak eta aurtengoan ez dute hutsik egin. Itxako desagertu zenetik, ez da talde nafarrik egon elitean eta Beti Onak hutsune hori betetzeko igo da.

Maitane Larrayoz atezaina partida batean. (BETI ONAK)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Datorren denboraldian, historian lehen aldiz, Beti Onak Atarrabiako taldea eskubaloiko Ohorezko Mailan lehiatuko da, onenekin, Bera Bera eta Zuazorekin batera. Zilarrezko Mailan partida guztiak irabazi ez ezik, igoera fasean ere ez du hutsik egin, klubaren helburua bikaintasunez lortuz. Maitane Larrayoz atezainarentzat amets bat betetzea izan da, NAIZi onartu dionez. Iraila iristeko irrikan dago: «Atarrabian sekulako eskubaloi maila ikusteko oso gogotsu nago».

Zenbaterainokoa da zuen poztasuna?

Oraindik ez dugu sinesten. Betidanik ikusi ditugu talde hauek zale bezala, eta ezin dugu sinetsi horien kontra jokatuko dugunik. Suposatzen dut behin denboraldiaurrea hastean, pixka bat gehiago sinetsiko dugula (barrez), baina hilabeteak falta dira oraindik.

Berezia izango da, ezta?

Izugarri berezia. Espainiako selekzioan ikusi ditugu jokatzen jokalari asko, txikitatik horien aurka jokatu nahi izan dugu, baina amets gisa ikusten genuen. Eta bat-batean, hemen gaude.

Zer suposatzen du igoera honek zuentzat? Zer eragin emozional du honek?

Helburua lortu dugula. Joan den urtean saiatu ginen eta bagenekien klubaren helburua Ohorezko Mailara iristea zela. Abuztuan esan ziguten Urrezko maila berri bat sortuko dela –Ohorezko Mailatik jaisten diren lau eta igoera-fasea jokatzeko sailkatu direnekin–,  baina gure helburua gorengo mailara igotzea zen. Egunero egin dugu lan hau lortzeko. Azkenean, joan den larunbatean irabazi genuenean, arnasa hartu genuen.

Oso denboraldi ona egin duzue, dena irabaziz, partidarik galdu gabe. Zein irakurketa egiten duzu denboraldi honetaz?

Joan den urtearekin alderatuta, txip aldaketa ikusi dut taldearengan. Iaz partida asko irabazi genituen, oso ondo jokatu genuen orokorrean, baina gehiago kostatzen zitzaigun irabaztea. Nahiz eta hiru goleko abantaila izan, ez genuen inoiz partida ixten, aurkariek estu hartzen gintuzten... Aurten ezberdina izan da. Hiru goleko abantaila geneukanean, aldea handitzen joan gara eta horrek profesionaltasuna eman digula uste dut. Oso pozik nago horrekin.

Nola prestatzen da norbera goi-mailako aurkariei aurre egiteko?

Oraindik ez dakit. Hori ikusiko dugu pixkana-pixkana (barrez). Taldean hitz egingo dugu, baina kontuan hartu behar dugu, eskubaloiari dagokionez, ez dugula beraien maila oraindik. Gure erara jokatuko dugu, nik uste. Zertan garen onak, hori landu eta hobetuz joan. Ez dago besterik. Nahiz eta galdu, aurrera; burua altxatu eta borrokan segitzera.

«Iaz gehiago kostatzen zitzaigun irabaztea, ez genituen partidak ixten. Aurten, hiru goleko abantaila geneukanean, aldea handitzen joan gara eta horrek profesionaltasuna eman digula uste dut. Oso pozik nago»

Exijentzia handiko denboraldi hau prestatzeko aldatuko duzue zerbait edo zuen martxan jarraituko duzue?

Gauzak aldatuko dira, nik uste. Entrenatzaileek profesionaltasuna eman nahi diote taldeari eta nabarituko da egunerokoan. Oraindik ez dakigu zertan aldatuko den. Azken finean, gure lehendabiziko astea da igoera lortu dugunetik eta ez dugu gehiegi hitz egin. Argi dago gauzak aldatu egin behar ditugula, zeren ez da soilik Ohorezko Mailara iristea, baizik eta bertan mantentzea. Hori da helburua, bertan mantentzea eta denborarekin, pixkana-pixkana, lehiakorrak izatea.

Aipatu duzun profesionaltasunerako bide horretan, fitxaketaren batekin taldea indartzeko asmorik badago?

Ziur nago baietz. Jende berria etorriko da. Zoritxarrez, nik uste dut jendea joango dela. Orain bertan daukagun taldea pila bat gustatzen zait baina, esan bezala, klubaren helburua gorengo mailan mantentzea da eta etorkizunean lehiakorra izatea da. Horretarako, esperientzia daukan jendea behar da. Agian, etorkizunean gu izango gara eskarmentu handidun pertsona horiek, baina gaur-gaurkoz, gazteegiak gara.

Taldekideetako asko, eskubaloian jokatzeaz gain, ikasten edo lanean ariko zarete. Nola uztartzen da hori?

Tira, ohituta gaude. Ia guztiak ikasten ari dira, hiru izan ezik. Lehenago atera beharra badugu, entrenatzaileak uzten digu, eta, esaterako norbait ezin bada entrenamenduetara etorri, entrenatzaileak pasatzen dio zer egin dugun bere kasa egin dezan. Halakoak egiten ditugu. Konturatu behar gara eskubaloi jokalariak garela, baina etorkizunean beste zerbait egingo dugu eta ezin ditugu ikasketak alde batera utzi eskubaloiarengatik, etorkizunean ezer gabe gera gintezkeelako. Suposatzen dut hemendik gutxira gurekin hitz egingo dutela eta gatazka hauek aurkeztuko ditugu. Ea nork joka dezakeen ehuneko ehunean eta nork ez.