IRRATIA
Entrevue
Ander Paternain
La Unica Rugby Taldeko jokalaria

«Talde honetan denak lagunak gara, eta horrek indar handia ematen digu»

Iruñeko La Unica Rubgy Taldeak Ohorezko B Mailara igotzeko kanporaketa hasiko du bihar (18.00), etxean, Real Oviedoren aurka. Ander Paternain jokalariak ongi daki zer den igoera lortzea, baina jaitsieraren zaporea ere ondo ezagutzen du. Orain, zerua ukitzeko erronka horretan daude, «gogotsu».

Ander Paternain. (LA UNICA RUGBY TALDEA)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Larunbat honetako lehen erronka baino lehen pasa da Ander Paternain jokalari nafarra NAIZ Irratiko mikrofonoetatik. Taldea «prest» dagoela ziurtatu du.

Asteburu honetan jokatuko duzue Ohorezko B Mailara igotzeko kanporaketa Real Oviedoren aurka. Zer moduz dago taldea?

Taldea oso pozik dago. Honelako aukerak ez dira beti egoten. Asteburu honetan, partida etxean izanda, mentalki indartsuago gaude, gure “gaztelua” deitzen diogun horretan jokatu behar dugulako. Gogotsu gaude, egia esan. Topera entrenatzen gaude, asko prestatzen, partida aurrera ateratzeko.

Oker ez banago, duela bizpahiru urte lortu zenuten igoera. Ondoren, ordea, maila galdu zenuten berriro ere. Beste aukera bat izango duzuen oraingoan.

Horixe. Iazko Ligan Ohorezko Mailan egon ginen, Bigarren Mailan, eta oso gustura egia esan, ze goiko mailetan jokatzea beti dago ongi, eta pena handiz jaitsi ginen, azken momentuan beste talde batzuek egin zutenaren arabera. Orain berriz egon gara Euskadiko Ligan, partida guztiak irabazita, oso-oso ongi jokatzen, fisikoki ere oso prestatuta, baina uste dugu gure maila Ohorezko Bigarren Maila dela eta berriz ere ea lortzen dugun gora igotzea.

Garai hartan Txema Isasa zenuten entrenatzaile eta orain ere berak zuzentzen zaituzte. Dagoeneko, lehenagotik igoera lortu duzuela jakiteak, konfiantza ematen du?

Bai. Txemarekin egon gara. Bi aldiz igo gara. Lehenengoa duela bospasei urte eta berez badakigu zehazki zer den gora igotzea eta horrek zer inplikatzen duen. Horrek lasaitasuna ematen digu, baina kontuan hartuta gogorra dela igotzea eta hor mantentzea. Horrek ere gogoa ematen digu hobetzeko, gehiago prestatzeko eta hobeki aritzeko errugbian.

Finala bi partidatara da. Lehenengoa, larunbatean Iruñean eta ondoren, itzulikoa, Oviedon. Horrek planteamendu ezberdin bat eskatzen du? Partida bakarrera gauza ez baita berdina.

Horixe. Zozketa bidez honela tokatu da. Asteburu honetan, larunbatean, Iruñean, eta hurrengoan, Oviedon. Nik, pertsonalki, nahiago nuen honela ateratzea. Lehenengoa etxean jokatzeak segurtasun pixka bat ematen dit, niri gutxienez. Gu etxean talde indartsua garela uste dut, eta horrek, niri gutxienez, lasaitasun hori ematen dit. Gero badakigu kanpora joatea beti dela zailagoa, baina azkenean prestatuta gaude eta gogotsu, eta ea ateratzen dugun.

Normalean alderantziz nahi izaten da: azkeneko partida, bigarrena, itzulikoa, etxean jokatu.

Segun. Hori ere taldean hitz egin dugu. Batzuek nahiago dute lehenengo kanpoan; beste batzuek lehenengo etxean…

Larunbatean etxean jokatuko duzue, zaleen laguntzarekin. Akaso errentaren bat lortzea garrantzitsua izango da, ezta, bueltako partidarako?

Nik horregatik esaten dut etxean errenta txiki bat aterata uste dudala errazagoa dela hori mantentzea erremontada bat egitea baino. Baina, azkenean, maila honetako partidak egun batetik bestera aldatu egin daitezke. Egin behar dena da, bai etxean eta bai kanpoan, lan egin, eta dakigun eran jokatu. Etxean beti dugu harmaila beteta eta hori ere eskertzen da, zale asko baititugu, denak lagunak. Talde honetan denak lagunak gara, eta horrek ere indar handia ematen digu.

Aurrean Oviedo izango duzue. Gogorra, esan duzu. Nola aurreikusten duzue kanporaketa?

Ba, dakigunez, Oviedok aurten nahiko fitxaketa egin ditu, eta batez ere horregatik. Kanpoko jendea dator jokatzera, eta nabaritzen da. Nik horregatik diot gogorra dela. Azkenean, gu oso prestatuta gaude, baina hemen etxeko mutilak gara, bakoitzak bere lanak, bere ikasketak, bere egin beharrekoak ditu; eta askotan, kanpotik datorren maila hori nabaritzen da. Gu horrek ere motibatzen gaitu. Honelako partidetan gehiago ikasten da errugbian. Beste erronka bat.
Horrelako taldeen kontra aritu garenean, beti aldatu izan dugu txipa. Berdin zaigu. Gu defentsan gogorrak gara; badaukagu egurra emateko.

Eta zein izan daiteke gakoa zuen ustez?

Batez ere baloia mantentzea. Hori egiten badugu, puntu gehiago egin ditzakegu. Eta, batez ere, defentsa. Nik uste dut talde gogorra garela defentsa aldetik, zeren asko lantzen dugu eta badugu hor sena defentsan. Partida gogortzen badugu hor defentsan, uste dut puntuak ailegatuko direla.

Kanporaketa hau irabaziz gero, Ohorezko B Mailara igoko zinatekete zuzenean, baina galduz gero, beste aukera bat izango zenukete oraindik ere, ezta?

Galduz gero, promozioa jokatzen da. Ohorezko B Mailatik era zuzenean jaisten den taldearen aurka jokatzen da, eta uste dut ekainaren amaieran izaten dela. Oraindik badago beste aukera bat galtzen badugu, baina, guk esaten duguna da «partidaz partida». Lehenengo, asteburu honetakoa; gero, hurrengoa eta, gero, ikusiko dugu.

Gainontzean, nola baloratzen duzu momentuz egiten ari zareten denboraldia?

Egia esan, oso kontent. Talde potentea daukagula uste dut. Bloke ona sortu dugu, lagunartekoa; azken finean lagunak gara, eta gustura aritzen gara. Fisikoki prestaketa handia egin dugu, bi urte hauetan batez ere, hori ere garrantzitsua baita goi maila batean aritzeko. Oso kontent gaude, teknikoki ere asko hobetu dugu eta beti hobetzeko gogoarekin aurrera goaz.