«Gure soinua beti izan da berezia; ez dut esango bakarra, baina bai berezia»
Hiru hamarkada luzeko etenaldiaren ostetik aurkeztu zuen Mutrikuko taldeak, maiatzaren hasieran, ‘Hordago’ lan berria. Andoni Basterretxea NAIZ Irratiko ‘MusikHaria’ saioan izan da, isiluneaz nahiz berriz piztutako musikaz hitz egiten.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Kaixo Andoni, zer moduz zaude?
Ongi, denbora pasatzeko gogoz, oholtzara altxa, bajatu eta mozkortzeko.
‘Aspaldiko’ eta halakoak esaten dituzue disko berria zabaltzen duen ‘Hola, tio!’ kantuan. Auto-erreferentziak entzun daitezke, nahiz eta akaso ez diren errealak.
Ez dira errealak ez, baina askorentzat izaten dira. Gertatzen da, sarritan, urteak aurrera doazela eta lagun batekin topatzen zarenean, galdera batzuk egitea nahikoa arriskutsua izaten dela. Badaezpada poliki-poliki galdetuta hobe izaten da.
Denbora luzea pasa da zuen kasuan ere. Musikara itzultzeko harra lehendik piztuta zen edota Iñigo Muguruzaren omenaldia izan zen guztia martxan jarri zuena?
Nire kasuan ez da sekulan ere galdu musikarekiko har hori, baina sekulan ere ez dut pausu bat eman aurrera zerbait egiteko. Baina kasu honetan beste bati piztu zitzaion harra, eman zigun su eta aurrera egin dugu.
Aurrera pausu bat ez ematearena zer izan zen, Delirium Tremensen eragina eta arrastoa handia izan zelako?
Hori jakina bazegoela, baina baita alferkeria ere. Eta gero bizitzako beste hainbat faktore ere. Baina besterik gabe, ez diot buelta gehiagorik eman horri.
Soinu aldetik abesti batzuetan, lehendabiziko honetan esaterako, bada aldaketa txikiren bat. Gitarraren soinuan, esaterako. Beste kantu batzuetan, ordea, aurreko lanen jarraipen garbia dago. Esentzia mantentzea izan da nahia?
Bai, noski. Alde batetik esentzia zaintzearena, baina, bestetik, beste ezer egiten ez dakigula da. Soinua akaso modernoagoa izango da, baina ez dakigu gauzak beste modu batetara egiten.
Sare sozialetan eta egin dituzuen agerpen horietan argi utzi duzu gainera hasierako instrumentazioa ber-bera erabili duzula.
Bada, bai. Bukatutakoan beti gordetzen dira gitarra, anplifikadorea eta beste gauza batzuk. Nahiz eta erabili ez, ez zait sekulan ere burutik pasa gauza horiek saltzea. Nire anplifikadorea, esaterako, erabili nahi zuenak eskuragarri izan du. Zaindu eta kito, hori zen eskatzen nuen gauza bakarra. Hala, ez zen usteltzen, beti hobea baita erabiltzea. Eta, gitarra, ohe azpian gordeta egon zen literalki. Uste nuen egun pare batean bukatuko zela guztia, baina ez.
Gitarrari hautsa kenduko zenion tartean behin hala ere.
Ez, gutxi. Elektrikoa bat ere ez eta klasikoa oso gutxi. Azken urteetan batez ere ukelelea erabiltzen nuen. Hori ezagutu nuen eta, oso eramangarria denez, kotxean-eta alde guztietara eraman nezakeen. Soinu berezia du, kantu batzuk ongi geratzen dira, dibertigarria da. Eta, hortaz, Ukeleleari bai ematen niola baina gitarra baztertuta neukan ohe azpian.
Eta Deliriumen klasikorik ukelelearekin jo izan duzu?
Bat bakarrik jo daiteke ukelelearekin ganoraz, ‘Laino ilunak’, beste guztiak konplikatuagoak dira.
Eta ingurukoei erakutsi diezu bertsio hori?
Behin bakarrik uste dut egin nuela hori. Duela bi urte Txalainak taldeak Mutrikuko hondartzako txiringitoan eman zuten kontzertura gonbidatu ninduten eta banaukan Hertzainaken kantu bat jotzeko gogoa ukelelearekin. Bada, okasioa aprobetxatuz, ‘Laino ilunak’ ere jo nuen Hertzainaken bizpahiru abestirekin batera. Polita izan zen.
Delirium Tremensen itzulera iragarri aurretik, ordea, hartu duzu parte beste hainbat kantutan. EraBatera taldearekin, Xiberootsekin ere bai Herri Urratsen abestirako… Hori zer izan zen, bazentoztela esateko modu bat?
EraBaterarekin kantuan parte hartzea eta Deliriumen itzuleraren erabakia aldi berean hartu zirela esan daiteke. EraBaterarekin kantua eta bideoklipa 2020ko hasieran grabatu nituela uste dut, 2019ko bukaeran akaso abestia eta 2020an bideoa, eta Deliriumekin aurrera egin edo ez 2020ko urtarrilean edo otsailean erabaki genuen.
Galdera luzatu nien ea Delirium Tremens bueltan zen, izan ere halako gauzak harra pizten dute.
Normalean halako kolaborazioak egiteko deitzen didatenetan baietz esaten dut, gustura gainera. Gonbidapena bidali zidatenean, ez nituen pertsonalki ezagutzen, baina pozarren esan nien baietz. Eta momentuan ez geneukan ezer erabakita, bestela, naturalki ateratzen dira halako gauzak.
Elkarketa esan dugu Iñigo Muguruzaren omenaldirako izan zela, baina egunerokotasunera, lokalera, noiz pasatzen zarete?
Bada esan dizudan moduan 2020ko urtarrila edo otsailean esan genuen aurrera egingo genuela. Gero itxialdia etorri zen eta udara arte geldirik egon zen guztia. Uda ostean martxa hartu eta lokala prestatu eta entseatzen urria-azaroa partean hasi ginen. Hor hasi ginen egurra eman eta kantak sortzen.
Eta Haritz zein momentutan batzen da taldera?
Kantuak prestatzen hasi ginen eta erabaki genuen hirukote moduan segitzea. Mauka Musikagintzakoekin kontaktuan jarri ginen eta lanean hasi eta disko berria prestatzea erabaki genuen. Bi zatitan egitea erabaki genuen, lehendabizi pare bat kantu grabatu, bideoklip bat egin eta aurkeztu eta, neguan, beste sei kantu grabatu disko luzea osatu eta ateratzea. Bidean gertatu zen Maukaren bitartez Haritz Harreguy ezagutu genuela, teknikari moduan. Berarengana joan, materiala eraman, hizketan egin eta dena oso ondo joan zen bi kantu horiek grabatu genituenean. Oso harreman ona sortu zen hor. Gero beste sei kantuak prestatzeko lanetan hasi ginen eta galdetu genion ea ekoizle moduan esku bat botako ote zigun eta baiezkoa eman zuen.
Hala, teknologia berrien laguntzarekin, Mutrikun ideiak grabatzen genituen, berari bidali, bere iritziak jaso, astean behin estudiora joan eta errepaso bat eman eta, egun batez, gauza bat bidali zigunean, Juantxo bateria-jotzailea eta biok elkarri begira jarri eta esan genion elkarri: «Uste dut gauza bera pentsatzen gabiltzala, ezta?». Estudiora joan ginen, asteazken batez, asteko errepasoa emateko eta hor esan genion bidaltzen ziguna oso ondo zegoela, baina hirukotetik irten egiten zela eta bi aukera zeudela hor, edo gauzak beste era batera moldatzea edota gitarra hartu eta gurekin jotzen hastea. Hala, baietza eman zigun egun batetik bestera. Iñigorena ere horrela izan zen, gau batez sekulako parranda egin genuen elkarrekin eta hurrengo egunean taldekoa zen.
‘Ibai gara’ kantuak ekartzen digu gogora 90etako Delirium Tremens. Riff hori, jotzeko modua, soinu hori… Bada zuen ikur garrantzitsuenetako bat.
Gure soinua beti izan da berezia, ez dut esango bakarra, baina bai berezia. Hor ikusten da lehen unetik ez dugula aldatu soinurik. Lehenengo momentutik eduki dugu raka-raka bat eta chorusa dela eta halakoak. Askok esan izan dit ea ze pedal erabili izan dudan, eta chorus bat da. Beti berdina erabili dut, gainera.
Chorus ona atera da hasierakoa bada behintzat.
Pedala ez da hasierakoa, hura apurtu zen, baina modelo eta marka berekoak dira.
Kantu honen atzean maitasun istorio bat dagoen edota bigarren mezu bat ote duen gordeta jakin nahiko nuke.
Flipada istorio bat da. Niri orain dela bi urte nork esan behar zidan berriz ere oholtza gainera igoko nintzela, kantu berriak egingo nituela… Atzera botatzen duzu begirada eta denbora asko pasa da, jendea falta da, bada horrelakoa da bizitza, ibaia gara, toki batean hasi eta bestean bukatzen duzu.
Forman ere jarri beharko da gitarra hartu, kantuak sortu eta abesteko. Ahotsa denborarekin aldatzen omen da, baina zure kasuan berdin-berdin entzuten da. Ez dakit nola zuk nola entzungo ote duzun zure burua.
Ondo. Zorionez ez dut izan arazorik ahotsarekin. Ez dakit nola esan, baina nire tonuan abesten dut, baina oraingoan hasi ginen unetik eroso sentitu nintzen. Ilea falta da eta beste gauza asko aldatzen dira, baina, zorionez, ahotsa hor daukat.
Eta instrumentuari ere, bistan denez, laster hartu diozu neurria.
Pixka bat kostatu da, baina bai. Urte pila bat jo gabe eta kantu batzuk nahikoa azkar hartzen dira, baina pare batekin gertatu zait nola jotzen nituen ez gogoratzea.
Eta orain, sortzerakoan, etxetik aritu zarete edo lokalean sortu dituzue kantuak?
Ia guztia Juantxok ekarritako ideiak landuz atera dira, bat kenduta, ‘Aio’, Haritzek zeukala gordeta. Baina guztia lokalean landu genituen, gero Haritzekin eta aurrera. Baina musikalki Txufun aldekoa da dena oraingoan.
Soinu identifikagarria dela esan dugu, ‘Ordago’ kantuaren kasuan ere bai. Bada bitxikeria bat hala ere, diskoaren izenburua ‘Hordago’ baita.
Kar, kar, kar. Hanka-sartze bat da, besterik ez. Hemendik aurrera, ordea, esango dut ‘Ordago’ zenean ginela hiru eta ‘Hordago’ bihurtzean lau garela taldean.
Zurekin baina zu gabe bat aipatzen da kantu horretan.
Bizitzan askotan gertatzen den zerbait da, gehien maitatzen duzun horrekin eztabaidatzen duzula eta abar. Baina batak bestearen beharra izaten dugu proiektu bat aurrera eramateko, izan taldea edo izan bikote harreman bat, ez da erreza izaten beti bai esatea. Nortasuna baldin badute pertsona horiek, beti eztabaidatuko da.
Zuon artean, isilik egon zareten denbora honetan guztian, harremana mantendu da? Estua izan da?
Bai, zorionez bai. Delirium hobeto ezin bukatu genuen eta gero beti elkartzen genien urtean behin gutxienez, afari edo bazkariren bat egiteko. Oraintxe bertan ere zortedunak garela aipatu izan dugu Haritz topatu izanagatik, sekulako tipoa delako eta taldean daukagun harremana eta giroa oso onak direlako.
Aipatu dugu esentzia horretara eramaten gaituela, ‘Ikusi’ kantua etortzen dela burura. Ideia mahai gainean jarri zenean esango zenuten, «aiba, badu kantu honetatik».
Egia esanda ez, lehenengoan ez baina gerora bai pasa izan zaigula burutik. Bitxia da.
Galdetu nahi nizun baita ere oholtzatik kanpora egon zaren urte guzti hauetan nola ikusi duzun kanpotik euskal musikaren panorama aldaketa.
Lehendabizi erantzun behar dut esaten ez nagoela oso jarrita gai horretan, beti bezala, ez lehen eta ez orain. Baina aldaketa nabarmena da, girotik hasita. Kalean nabaritzen da musikalki eta beste istorio askotan sekulako aldaketa dagoela gazteen aldetik. Musika entzuteko modutik hasita, lehen dena zen diskoak eskatu, kaseteak grabatu eta halakoak. Gaur egun katxarritoan jarri eta batak besteari pasatzen dio musika modu erraz batean. Lehen Euskal Herrian kantautoreak ziren, gero rock & roll asko zegoen, nahi duzun etiketa jarri, eta orain euskaraz musika pila bat egiten da. Heavyak hartu zuen garrantzia eta oraindik ere badu, eta reggaetoia egiteraino iritsi gara. Gaur egun edozer egiten da euskaraz, behar den bezala.
«Lehen Euskal Herrian kantautoreak ziren, gero rock & roll asko zegoen eta orain euskaraz musika pila bat egiten da. Gaur egun edozer egiten da euskaraz, behar den bezala»
Gailu berriak, teknologia berriak… aipatu dituzu. Zuk musika euskarri fisikoetan kontsumitzen duzu edota digitalerako saltoa eman duzu?
Nik egia esango dizut, musika lehen eta orain irrati bidez kontsumitzen dut. Irrati zalea naiz, baina saioak entzutekoa, ez irrati-formulak. Horietatik gauza asko jakiten duzu, baina ez naiz melomano bat. Ez naiz sekula holakorik izan.
Diskoa ixten duen kantua denetan desberdinena dela esan daiteke, ez dakit sekula hainbesteko abiadura duen kantu zatirik egin ote duzuen.
Kenduta Delirium Tremens kantua, bada ziurrenik ez. Ordena jartzerakoan beste zerbait pentsatu genuen hasieran, baina egia da orain diskoa sekulako abiadan bukatzen dela. Juantxok ekarri zuen ideia eta zati horretan nik sartu nuen eskua pixka bat. Baxuarekin hasten zen eta gitarra sartu genuen, kakaoa nahasten hasi, probatu eta ez dakit nola horraino iritsi ginen.
‘Dela’ da kantua eta ‘Beste egun bat dela’ esaten duzue, lehen ere esaten zenuten «egun denak ez dira berdin», oraingoan beste modu batetara esan duzue eta beste mezu batekin. Gauzak ongi ez doazenean ere onartu egin behar direla, alegia.
Bai, edota aldatzen direla. Gauza batzuei bueltak ematen dago idatzita. Kanta batzuetan igartzen da denbora pixka bat pasatu dela ezta? Eta normala da, ez bazen igarriko gaizki ibiliko ginelako. Baina bai, horixe da gauza.
Ideiak ekarri eta kantuak orain sortu direla aipatu didazu, baina ba al da aurreko etapatik gordetako kanturen bat orain argitara eman dena?
Ez ez, oraingoak dira denak. Zeba?
Bada garai horietan ohikoa zelako halako grabaketa batzuk egitea estudiora dena neurtuta eramateko eta kaseteren batean-edo ideia bat gordetzea normala izan zitekeen. Estudioan, aldaketa handia sumatu duzu?
Aldaketa handiena izan zen lehen aldian Haritzen estudiora gentozela eta bigarren aldian gure estudiora etorri ginela. Hau da, beste patxada batekin egin ahal izan dugula lana Haritz taldekidea delako. Ez dugu presiorik denboraren menpe ibiltzeko.
‘Garuna’ kantuaren gitarra erritmikoak 80etako metal taldeen soinua ekartzen du gogora. Kiss edota halakoak. Ez dakit zer distortsio erabili ote duzuen, baina hori bai ez genuela aurretik entzun zuen musikan.
Hori da Juantxoren puntu rockeroa, kar, kar. Asko gustatzen zaio hori berari.
Horrek esan nahi du jolaserako tartea ere hartu duzuela diskoan.
Bai joder, baina tarte batez hori sartzen da eta gero berriz ere punteotxoak eta halakoak hasten dira berriz, Delirium originalera itzuliz. Gauzak sortzerakoan zerbaitek funtziona dezake edo ez, eta dibertitu gaitezke uneren batean zerbait oso desberdina eginaz, baina beti ere gu garenetik gehiegi aldendu gabe. Bere garaian AC/DC taldearen bertsio bat ere jotzen genuen, gure musikarekin zerikusirik ez duena, baina oso ondo pasatzen genuen abesti hori jotzen.
Eta gitarraren soinua aipatu dugu, baina bateriarena aurreko etapako bera da. Haritzek gauzak azkar lortu zituen edota estudioan ibili zineten gora eta behera dena zehatz topatu bitartean?
Lehenengotik Juantxorekin oso ondo konpondu zen eta nahikoa azkar lortu zuten nahi zuten soinua. Hortik aurrera hobetzen soilik joan da eta duen soinua sekulakoa da.
Garai hartan ere soinu ona zenuten, baina gaur egun teknologiak beste gauza batzuk baimentzen ditu akaso. Zuek aldaketa hori nabaritzen duzue?
Antzerako sentsazioa dugu. Lehen soinu hau ateratzen zenean, ez zegoen besterik, ezin genuen besterik irudikatu. Eta horrekin oso pozik ibiltzen ginen eta nik uste dut gaur egun ere tabernetan eta entzuten denean, soinu polita duela garai hartan grabatu genuenak. Egia da gaur egun medio gehiago daudela, teknikariek gehiago dakitela, guk ere bai… Baina Haritzek esaten zuen ideiari jarraika, saiatu gara teknologiaz ez abusatzen, pista gutxi batzuk gehitu ditugu eta dena nahastu. Ez genuen gainprodukziorik nahi, sekulako diskotzarra egin eta gero zuzenean ezin defendatuz ibiltzeko, hori beti izan baita gure politika. Gauzak zaindu, landu eta Haritzek hor lagundu gaitu.
‘Banoa’ kantuan ahotsekin egin duzuen koral hori ere aipatu beharreko zerbait da. Zer izan da, jolasa edo buruhaustea?
Jolasa erabat. Banoa batzuk batetik eta bestetik joatearenak horrela behar zuen, kantuak gogaikarri puntu hori eduki behar zuen, gorputzak hori eskatzen zidan.
Kantuan aipatzen den ‘banoa’ hori zenbat kostatzen den… 1993an kostatu zen?
Ez, erraza izan zan. Ustekabean etorri zen, gauza natural bat izan zen, gertatu zena gertatu eta amaitu zen guztia eta ez zen ezer pasa.
‘Banator’ gozo bat izateko ere garrantzitsua izango zen hori.
Bada bai, horrela da.
Lehen emanaldia Arantzan egin zenuten, pribatua edo ez, baina iragarri gabea.
Ez zen iragarri, uste dut egun bat lehenago abisatu zela. Arantza urrun dago, baina jende puska bat agertu zitekeen eta ez genuen hori ere nahi. Eta hala ere jende pila bat joan zen.
Gero etorri dira Ondarroa, Usurbil… Hau dena zer da, txikitik handira, BECera begira pultsua hartzeko?
Errodajea egitea da kontua. Urte pila bat jo gabe eta bat-batean plaza handi batetara salto egitea, Haritzekin sekula jo gabe… Bada egin ditugu halako batzuk, Arrasateko Irati tabernan ere izan ginen, abisatu gabe. Beno, tabernakoak bai zeudela abisatuta. Baina sorpresan harrapatu genituen eta sekulako giroa izan zen bertan.
BECen, sarrera gehienak salduta… Nolakoa dira aurreko egunak?
Gu beste gauza batzuetaz kezkatzen gara. Dena ondo prestatu, dena eman oholtzan eta jendea gustura geratu dadila. Ematen du Des-Kontrol eta McOnaken urteurrenekin ere festa handia izango dela, espero dezagun denok ondo ospatzea, taldeok jendeak eta gogoangarria izan dadila.
Bukaerarako ‘Aio’ kantua utzi dut. Esan duzu Haritzen ideia batetatik abiatzen dela. Nola sortzen da ideia?
Hori berari galdetu beste egun batez! Baina egun batez estudiora hurbildu eta kantua jarri zigun ea zer iruditzen zitzaigun galdetzeko. Gustatu zitzaigun eta tiraderatik ateratzeko esan genion!
Bada, aio esan ordez, gero arte esango dizugu eta gozatu datorrenaz!
Mila esker zuri.