‘Intra’ bigarren diskoarekin aurrerapausoa eman du Mila Modu taldeak
Hor Konpon taldearen errautsetatik sortu zen Mila Modu 2019an eta bigarren diskoa kaleratu dute aurten. Barrura begira jartzeko hamar kantuz osatutako lana dakarte, 90etako rock doinuez bustita. MusikHaria saioan izan da Xabier Yaniz taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
‘Intra’, introspekzio lana egin ostean eta hori egitera bultzatzen duen lana da. ‘Absurdoaren paradisu’-tik errealitate berrira egin du salto Mila Modu talde oñatiarrak. Oso disko rockeroa den arren, pausa batekin entzun eta patxada eskatzen duen diskoa da ‘Intra’. «Gustura egindako lana da, denbora izan dugu eta grabaketa atzeratzeak dena patxadan hartzeko aukera eman digu», kontatu digu Xabier Yaniz taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak.
Diskoari izena ematen dion abestiarekin hasten dute diskoa eta badu single edo hit kutsu hori. «Bederatzi kantu geneuzkan eginda eta hau azken bi-hiru asteetan sortu zen, hamargarrena egiteko asmoz, zenbaki borobila izateko. Dena laburtu zezala nahi genuen, bai mezu aldetik eta baita musikalki ere, eta hasiera batean diskoa itxi behar bazuen ere, zabaltzen bukatu du», argitu digu oñatiarrak.
Berriz Elkar estudiora
Grabatu berriz ere Elkarren grabatu dute baina prozesua oso desberdina izan dela kontatu digute Mila Modukoek: «2020ko maiatzako itxialditik atera eta ekainean sartu ginen aurreko diskoan. Denek batera grabatu genuen eta horrek muga batzuk jarri zizkigun. Prozesua oso desberdina izan da oraingoan, bateria eta baxua egun batean grabatu genituen baina gitarrak handik hilabetera, ahotsak beste hilabete batetara eta koroak azken hilabete bat pasa ostean. Hortaz, gauzak ondo pentsatu, neurtu eta soinu aldetik behar izan dugun denbora hartu dugu. Kutxa desberdin bat erabili dugu abesti bakoitzarekin, reamp teknikarekin grabatu ditugu gitarrak… Exekuzioan baino soinu bilaketan pasa dugu denbora gehien».
‘19 kolpe’ kantua boxeoarekin lotu badaiteke ere tituluari dagokionez, boxeoan 19 kolpe baitaude, ez direla batere boxeo zaleak kontatu digu Yanizek. «COVID 19 gora eta behera genbiltzan garaian idatzitako kantua da, eta itxialdian jaso izan ditugun kolpe bakoitzari 19 zenbaki hori elkartuta sortzen da izenburua. Iñaki Olalderen letra gordina da eta momentu hartako egoera kontatzen du nabarmen. Dena ahaztu egiten zaigu, baina gobernuek ematen zituzten mezuak eta gogora ekartzea ez dago gaizki nola ginen jakiteko», nabarmendu du Yanizek.
90etan ibilitakoak dira eta garai haietako soinuak nabarmen ekarri dituzte disko berri honetara: «Soinu britaniarra ere ekarri dugu eta erabili ditugun distortsioekin eta garai hartara egin dugu salto, baina ordukoak gara eta zer egingo diogu! Teknikari batek edo bestek esan izan digu 90etako soinua dugula lehen unetik, baina berezkoa da». Emakume ahotsak ere sartu dituzte. Maddi Arlanzon, Naia eta Eider Herraez eta Maddi Santa Cruz izan dira hori egin dutenak: «Gorputza eman diete abestiei, batzuk tonu altuagoetan eta beste batzuk apalagoetan, baina ahotsen lan dotorea eginda».
Memoria historikoko pasarteak
Diskoan mezu orokorra barrura begira jartzearena izan da esan dugun moduan, baina memoria historikoaren zati bat ere berreskuratu dute ‘Inor ez da inor’ abestian. «1967an Fraga Oñatira, Arantzazura etorri zen. Teleferiko bat egitea aurreikusita zegoen Arantzazutik Urbiara eta ia ia egin zuten. Fraga hura ikustera etorri zen, tokia alegia, eta mezetara joan zen Arantzazuko frantziskotarrekin. Aita Lasa zen orduko gidaria eta hari esan zioten Fraga ‘excelentísimo’ bezala tratatu behar zuela, Francoren ministroa zelako. Aita Lasak ezetz esan zuen, ez zegoela ados horrekin. Baina meza ordua iristean, zera esan omen zuen: «Excelentísimo señor ministro, excelentísimos pastores de Urbia». Berdinetik berdinera tratatu nahi izan zituen Fraga eta Urbiako artzainak eta hori izan zen bere protesta egiteko modua. Hartara, inor ez dela inor baino gehiago esan nahi genuen kantuan eta hori gehitu nahi izan dugu», esplikatu du Mila Moduko abeslariak.
Baina ez da kantu bakarra izan memoria historikoaren bueltan idatzi dutena, izan ere ‘Entzun isiltasuna’ kantua ere hortik doa: «Gauzak ahaztu egiten ditugu, baina Franco Erorien Haranetik atera zutenean ultraeskuineko basakeria dena kanpora atera zen. Albert Riverak ere esan zuen «escuche el silencio», eta bera izan zen gai honekin hanka sartu zuen lehena eta hori ere gogora ekarri nahi izan dugu, oraindik haran horretan badagoelako jende asko lurperatuta bertako fosatan». Zauri horiek zabalik jarraitzen dute eta, kantuak esaten duen moduan, isiltasunak ez du esan nahi minik ez dagoenik.
Neurrira egindako lana
Xehetasunez betetako lana da Mila Moduren disko berria. Grabaketa prozesuaren bukaerara ohikoa izaten da nekatuta iristea. Behin perspektiban jarrita konturatzen dira askotan musikariak egin dutenaz benetan. «Gauza asko inprobisatuta daude, nahiz eta diskoa aurre-produkzio dezente egin ostean hasi ginen grabatzen estudioan. Hau da, nik banekien ezkerreko kanaletik zer nahi nuen sartu eta eskuinekotik zer. Baina estudioan bertan jolasean hasten gara nahasketak egiterakoan-eta, Victorren (Victor Sánchez teknikariaren) lana da hori. Hainbeste egun pasa ditugu estudioa, egiten duen lana zerbait ulertzen eta guzti hasi naizela», aipatu digu irribarrez Yanizek.
Gitarraren efektuak presente daude diskoan, baina ‘Beldurrak’ kantuan hainbat entzun daitezke: flangerra, distortsio desberdinak… «Efektuak ez daude oso nahastuta eta asko nabaritzen da gitarra bakoitzak egiten duena. Wah efektuarekin pizzicatoren bat, chorusen bat ere erabili da, delay asko… Proiektuaz disfrutatzeko beste modu bat da eta beste ezagutza bat ere badugu hasi ginenetik hona. Hasieran pedal bat baino ez neukan eta 90etik hona asko aldatu da dena. Grabaketa prozesua bertan pedal bakoitzarekin estudioan jolasteko aukera izateak asko disfrutarazten dizu. Aurrekoan askoz ere estres gehiagorekin joan ginen eta oraingoan gehiago gozatu dugu», dio gitarra-jotzaileak.
Barne beldurren inguruan hitz egiten du kantuak, sentitu ote zuten halakorik Mila Modurekin itzuli zirenean musikariek?: «Egia esanda ez genuen beldurrik pasa eta hori ere denborak erakusten dizun zerbait da. Gure espektatibak ere beste batzuk ziren, ez geneukan buruan BECen kontzertu bat egitearena, adibidez. Nik uste horrek beldur gehiago emango zidala beste ezerk baino. Gurea bestelako erronka bat zen, gure buruari erakutsi nahi genion gai ginela disko duin bat grabatzeko. Hala, espektatiba hori edukita oso pozik geratu ginen eta oraingo honetan askoz ere gehiago».
Musikarien paradigma
‘Aingurak’ kantuan esker onik jaso ez duen lanaren inguruaz ari dira hizketan Mila Modu taldekoak. Musikarien egoerarekin alderatu dugu guk eta bere gogoeta ere egin du horren inguruan Yanizek nahiz eta kantua izatez ez egon horrekin lotuta: «Gaztea zarenean musikatik bizitzearekin amesten duzu, baina gero ikusten dugu denentzako ez dagoela tokirik. Auskalo zenbat mutil eta neska dauden egoera horretan, baina aingura askatu eta aurrera egitea baino ez da geratzen. Musika sortzen dugu, askotan lan hori ez da ez eskertua ez ordaindua izaten, baina aingura hori oso gertu badugu, ezin dugu aurrera egin. Eta aurrera jarraitu behar da».
Bideari eutsiz, diskoen efimerotasunaz hitz egin dugu Yanizekin ‘Denboraren morroi’ izeneko kantuaren aitzakian, izan ere musikari batek eskaintzen dion ordu kopurua kontuan izanda, askotan disko bat isilean pasatzen da. «Horretan bai aldatu direla gauzak pila bat. Kontzerturik ez baduzu lotzen, bidean ez badituzu kontzertuak sartzen, oso zaila da diskoa mantentzea eta taldea bera mantentzea ere, agertu eta desagertu egiten zarelako. Hortaz, bideaz disfrutatzen ikasten ez baduzu, oso zaila da talde bezala bizirautea. Talde bakoitzak oso argi eduki behar du zein den helburua eta espektatibak errealistak izan behar dira. Lehen, diskoaren helburua bi edo hiru urtez kontzertuak lotzea izaten zen. Guk hau ez dugu horrela planteatu, helburua diskoa bera izan da. Prozesua, kantuak gordeta uztea, eta gero etorriko da etorri behar duena. Horrela behintzat disfrutatu egiten dugu, bestela oso frustragarria izan daiteke-eta guztia», azpimarratu du Yanizek.
Kantua eta diskoaren arteko dikotomiaz ere hitz egin digu musikari oñatiarrak eta bigarrenaren aldekoa dela aipatu: «Niri pena ematen dit baina diskoa da benetan nortasuna duena. Kantuak kantuak dira, baina disko baten atzean daude taldearen ideologia, zer esan nahi duen diskoak, musikalki taldea ulertzea… Nik uste diskoa bere osotasunean entzun behar dela eta hori geroz eta gutxiago egiten da. Nik aplikazioak eta algoritmoak gauza berriak ezagutzeko erabiltzen ditut, baina, zerbaitek atentzioa ematen badit, diskoan sakontzen dut beti, horrela uste dudalako ezagutzen dela artista baten lana. Guk ere eduki dugu gure barne eztabaida hamar kantuko disko bat osorik nork entzungo ote duen galdezka, badakigulako geroz eta gutxiagok egiten duela hori, baina gure lanarekin pozik geratzeko gure ulertzeko modu horretan atera dugu diskoa».
Aurkezpen kontzertutxo batzuk eman dituzte Elkar dendetan, baina diskoaren osteko sei aurkezpen horiek kenduta kontzertu elektrikoak lotu nahian ari dira. «Diskoa kaleratu ostean egin dugun aurkezpen biratxo hau egiten jarri dugu gure indarra eta hemendik aurrera etorriko da etorri beharrekoa», bukatu du Yanizek. Dena dela, ekainaren 4an, Oñatiko Olarako jaietan izango dira ‘Intra’ diskoa aurkezten.