Burutik; hamabost segundoko abestia dena esateko
Disko berria kaleratu du Burutik talde nafarrak. Musika kontsumitzeko gaur egungo moduari kritika egin nahi izan diote 'Hamabost segundu' izeneko lanarekin.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
'Hamabost segundu' izena du Burutik taldearen bigarren lanak. Erviti estudioan grabatuta, ahots polifonia, akordeoia, erritmo aniztasuna eta beste hainbat elementu dituen rock zabaleko lana ondu dute. Burutik dira: Luar Alberdi, Jokin Barriola, Asier Capon, Iraitz Gonzalez eta Mikel Gorraiz.
«Musika kontsumitzeko modu modernoari egindako kritika bat da, ez onera ezta txarrera ere, konziente izateko puntu bat» esan digu Barriolak. Hala ere, segundo gutxi horietan elementu asko daude, diskoan bezala. Kontserbatorioko ikasleak dira, baina «nahiago izaten dugu intuizioz konposatu» esan digute. Izan ere, «ikasketek baino, kalean jotzeak eragin digu».
Hamar kantetan gai ugari jorratu dituzte; zalantzak, pandemiak sortutako krisi existentzialak, kontraesanak eta euskal presoak. «Pandemian asko hitz egin dugu askatasunaz, baina ahaztu egin ditugu askatasunik ez duten horiek».
Bigarren Kafera gerturatu dira bost taldekidetatik hiru, esku soinu, gitarra, piano eta ahots, Elkarrizketa Akustikoan Hamabost segundu aurkeztu asmoz.