IRRATIA

Jon Iñarritu (EH Bildu): «Eskandalagarria da, lan politikoa egiteagatik zelatatu gaituzte»

Kataluniako 60 ordezkari independentistekin batera, EH Bilduko Arnaldo Otegi eta Jon Iñarritu zelatatu dituzte Pegasus sistemaren bitartez. Ez du harritu Iñarritu eta ez du zalantzarik: honen atzean espainiar Estatua dago. Otegik ilegalizazioak eta torturak gogoratu eta 78ko erregimena aipatu du.

NSO Group enpresa israeldarra da Pegasus espioitza sistemaren sortzailea. (Jazk GUEZ | AFP)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Estatuek bakarrik eskura dezaketen erraminta izanik, EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk ez du zalantzarik: espainiar Estatua dago horien atzean, eta horregatik uste du «azalpenak» eman behar dituztela «berehala». Gogoratu du ez dela ezer berria; Euskal Herrian, beste testuinguru batean, «independentismoaren aurkako erasoak» salatu izan direla azaldu du: «1997an Gasteizko herriko tabernan beste sistema bat detektatu zen eta ministro batek bere dimisioa aurkeztu behar izan zuen. Kasu honetan ez dugu halako mugimendurik ikusi, ikusiko dugu zer gertatzen den datozen egunetan».

Izan ere, bere esanetan, «eskandalagarria da gertatu dena»: «Demokraziaren eta oinarrizko eskubideen kontrako erasoa da, lan politikoa egiten dugulako zelatatu baikaituzte». Iñarrituk ez zuen susmorik zelatatzen ari zirenik; duela hilabete batzuk izan zuen horren berri, Torontoko (Kanada) unibertsitatea berarekin harremanetan jarri eta bere gailuak ikertu zituenean. Orain jaso du baieztapena. «Onartezina da», gehitu du. 

Azken aipamen honek garrantzi berezia hartzen du. Izan ere, oraingo Gobernu espainolaren ardura izango litzateke espiotza lan hori, nahiz eta Pegasus sistema erabiltzeari Mariano Rajoyren garaietan ekin zion CNIk, itxuraz.

EH Bilduren baitan datozen orduetan erabakiko dute zein neurri edo ekinbide hartu; ostera, Madrilen, beste alderdi batzuekin batera, datozen ordu eta egunetan ekimenak aurkeztuko dituztela aurreratu du Iñarrituk.  

Otegi: «78ko erregimena, bere gordinean»

Arnaldo Otegi ere ez da harritu zelatatu egin dutela jakin ondoren. Sare sozialen bidez eman du aditzera bere iritzia eta tortura, ilegalizazio eta gerra zikinarekin batera espioitza kasu berri honek «78ko erregimena bere gordinean» islatzen duela nabarmendu du.