IRRATIA

Helena Ruiz de Azua [Zaporeak]: «Gure boluntarioak dira Zaporeak elkartearen arima»

Zaporeak elkartea sei hilabetez Grezian errefuxiatuei elikagaiak banatzen laguntzeko sortu zuten. Gaur egun, sei urte geroago, indartsu jarraitzen du. NAIZ Irratian izan da Helena Ruiz de Azua Oyaregui elkarteko kidea eta egiten duten lanaren nondik norakoak kontatu dizkigu.

Milaka oinetako pare bildu zituen Zaporeak elkarteak otsailean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Sei hilabeterako sortu zuten proiektuak sei urte bete ditu. Zaporeak elkartea sei hilabetez Grezian errefuxiatuei elikagaiak banatzen laguntzeko jaio zen. Gaur egun, sei urte geroago, 2.000 otordu baino gehiago kozinatzen eta banatzen ditu egunero Lesbosen. 

Elkarteko kide eta boluntarioek Euskal Herrian bertan egiten duten lana, Lesbosen errefuxiatuekin eta errefuxiatuentzat kozinatzen eta banatzen egiten dutena, eta baita kontzientziazioa eta elkartasuna sustatzen ere, hedatu egin da jendartean urteotan. Azkeneko kanpaina handia oinetako bilketarena izan zen: 120.000 oinetako pare baino gehiago jaso eta banatu dituzte.

Helena Ruiz de Azua Oyaregui elkarteko kidea NAIZ Irratiko ‘Bigarren Kafea’ saioan egon da, eta jendearen laguntzarekin oso pozik daudela adierazi du: «Asko eskertzen dugu gizartea ematen ari den erantzuna».

Hala ere, mundu guztian zehar dauden errefuxiatuen egoera iraunkorra da, kroniko bihurtzen ari da, eta egin beharreko lana oso handia da. Ez bakarrik gizartearen laguntzarekin eta lanarekin, gobernu eta erakundeek benetako aldaketa eraginkorrak egin behar dituzte, sistema aldatzen ez bada egoera ez baita aldatuko. «Gaur egungo egoerak islatzen du sistema arrazista batean bizi garela» azaldu digu Ruiz de Azuak.

Zaporeak elkarteak lanean jarraituko du beharrak asetzen saiatzen, boluntarioen eta jendearen laguntzarekin, ezinbestekoa baita euren babesa proiektuarekin jarraitzeko: «Gure boluntarioak dira Zaporeak elkartearen arima».