«Boisetarrek ez dute ulertzen euskarak zergatik borrokatu behar duen bere lekua izateko»
Korrikak ordu gutxi falta ditu bere lehen kilometro «ofizialak» hasteko, baina euskararen aldeko aldarriak egin ditu dagoeneko bere lehen agerpenak, kasu honetan, diasporan. Boiseko unibertsitatean asteartez egin dute Korrika eta antolatzaile jardun den Ziortza Gandariasekin hitz egin dugu.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Korrikako lekukoa eta Star Wars-eko jedi jantziak, horrelako konbinazio arraroak ekar ditzake Korrikak. Horixe delako Korrika, eta euskara: etengabe egoerara, momentuko testuingurura moldatzen den ekimena.
Boiseko unibertsitatean (Idaho) gertatu da pasadizoa, diasporak antolatuta Korrikaren ekimena gauzatu den unean; ikasle eta irakasleen artean sortu du nahikoa ikusmin Korrikak berak, nahiz eta jedi-ek protagonismoa une batez apurtu. «Oso pozik gaude, une hunkigarria izan da», esan du Ziortza Gandariasek, unibertsitatean euskal kultura klaseak ematen dituen euskal herritarrak. Ikusmin handia sortzen du boisetarren artean Korrikak; «ez dute ulertzen hizkuntza batek zergatik borrokatu behar duen horrenbeste bere lekua edukitzeko», gehitu du. Horregatik egiten zaie berezi Korrikak zernolako «sinbologia» duen, nola elkartzen diren «belaunaldi ezberdinak» horren baitan, «testigua pasatzeak zer esan nahi duen» euskaldunontzat… «Harrigarria eta hunkigarria iruditzen zaie». Aprobetxatu dute abagunea euskarazko hitz batzuk ikasteko, noski.
Korrikak badu berezko osagai hunkigarria; hala izan da Gandariasentzat: «Niretzat oso berezia izan da ikasleekin batera korrika egitea. Diasporan zaudenean Euskal Herria modu 'diasporiko' batean maitatzen ikasten duzu, oso modu nostalgiko batean… niretzat izan da Euskal Herrira joatea bezala, sentitu dut han nengoela korrika egiten».