IRRATIA

Nekazal-emakumeak, ordezkatuak eta ikusgarriak

Leire Milikua Larramendi arkitekto eta ikerlariak nekazal-emakumeek euren sektorean duten parte hartzea aztertu du. Ikerketaren emaitzak 'Ordezkatuak eta ikusgarriak. Nekazal emakumeen parte hartzea eta ordezkaritza sektoreko erabaki guneetan' azterlanean argitaratu ditu. 

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Emakume Nekazariaren Estatutua aho batez onartu zuen Eusko Legebiltzarrak 2015ean. Horrela, lehen sektoreko emakumeen lan-egoera arautu zuten; tartean, emakume nekazarien lana ikusgarri egiteko eta eskubide laboral, sozial eta fiskalak onartzeko. 

Lege multzo horiek nola gauzatzen diren ikusteko, nekazal-emakumeen parte hartze bizipenen kartografia egin nahi izan du Leire Milikua Larramendi ikertzaileak Emakunderen babesarekin. «Begirada urbanoa nagusitzen den honetan, sistema kapitalistak ahalbidetuta, landa nortasun dimentsio ekonomiko eta sinbolikoak galera handia izan du» kontatu digu Milikuak. 

Baina, ikerlearen hitzetan, «lurraldea eta komunitatea batera doaz» eta beraz, ikerketa sakona egin du nekazal-emakumeek sektoreko erabaki organoetan duten egungo parte hartzea aztertzeko, eta eraginkorragoak izango diren modelo kolektiboak eraikitzeko. 

Horretarako, ezinbestekoa izan da landa-eremuko emakumea eta nekazal-emakumea desberdintzea. «Garrantzitsua da datuak xehatzea, landa-eremuko emakumeen %58ak ez du inon loturarik nekazal-jarduerarekin» esan digu. 

Mito hori eraitsita, emakumeen pertzepzio eta bizipenetatik abiatuta haursnaketa sakona egiteko gakoak topatu ditu ikerlariak, ondorio argi batekin; «emakumeen presentzia areagotzea ezinbestekoa da».  Ikerketaren nondik norakoak azaldu dizkigu Leire Milikuak Bigarren Kafean.