IRRATIA

Itsua beatmakerra sakonago ezagutuz

Beste Bat saioetan hartu du parte Durangoko musikariak, astelehenean agur esan zigun martxoan lau saio ondu eta gero.

Itsua eta Nko dira Cayado Bros., Beat Salad zigiluaren sortzaileak. (BEAT SALAD)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Denetariko musikariak izaten ditugu Beste Bat saioak egiten eta bakoitzak beretik sortzen ditu bazkalosteko tarteak. Martxoko astelehenak Itsua beatmakerraren eskutik izan dira eta DJ saio moduan egin dizkigu lau emanaldi NAIZ Irratiko uhinetan, Hip Hoparen mundutik abiatuta.

Arkaitz Cayado da Itsua izenaren atzean dagoena eta 1996an hasi zen bere abestiak sortzen durangarra. Beat Salad zigiluaren sortzailea da eta bere anaiarekin egindako ‘Cayado Bros.’ izan zen kaleratutako lehen albuma. Gerora artista askorekin aritu da elkarlanean, Omzo MF, Profesor G, 2B aka Gunflow, Sinua edota Peiorekin adibidez. 

Bakarka ere hainbat disko atera ditu eta Broken Brothers Brass Banda edota N2Ogu kolektiboan ere hartu du parte beatmaker durangarrak. Paddy Rekalde idazlearekin ere sortu zuen halako disko berezi bat. 

Horri guztiari errepaso sakona eman genion Beste Bat saioen aitzakian MusikHaria saiora gonbidatu genuenean eta hamaika istorio kontatu zizkigun Itsuak. Underground eszena ulertzeko ezinbesteko musikari horietakoa da eta elkartasuna da bere adierazle nagusienetako bat. Benetan interesgarria 25 urtetik gorako ibilbidean egin duen guztia.

Martxoko lau saioak egin eta agurtu gaitu, baina webgune honetan bertan egin dituen saioak entzuteko aukera duzue. Lau saio, bakoitzean entsalada desberdin bat, bere gutizia diren osagaiekin eginak guztion gozagarri.