Maialen Akizu: «Konturatu nintzen Erriberan entzun behar ez nituen kontu asko entzun nituela»
Maialen Akizu Bidegain idazle eta bertsolari urretxuarrak 'Eszenatokia' ipuin luzea idatzi du, Lodosa, Mendabia, Sartaguda eta Andosillan egindako egonaldian oinarrituta. Kontakizuna bertako jendearekin egindako «sorkuntza lan kolektiboa» da.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
«Moztutako garia, garia al da? Edo noiz bihurtzen da lasto?» Hausnarketa hori egiten du Iratik, 'Eszenatokia' ipuineko protagonistetako batek. Erriberako herrietako euskararekin aldera genezake garia. Bertan biztanleriaren zati txiki batek baino ez daki euskara. UEMAren datuen arabera, Herri gehienetan, biztanleen %3k baino gutxiagok ulertzen du euskara eta baina Erriberako kaleetan ia ez da entzuten, erabilera %0,2 baino baxuagoa baita.
Maialen Akizu Bidegainek Lodosa, Mendabia, Sartaguda eta Andosilla gertutik ezagutu zituen pasa den uztailean. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak -euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzen dituen zirkuitua- ekimenaren baitan, Erriberan egonaldia egiteko aukera izan zuen. «Literatura sari askok emaitza saritzen dute, baina honetan jendearen hartu-emanetik sortu nahi dute kultura». Han bizitakotik, 'Eszenatokia' kontakizuna idatzi du.
«Hasieran plaza kontzeptutik egin nahi nuen sorkuntza prozesua, baina Erriberako herri horiek esleitu zizkidaten eta konturatu nintzen han plaza hori ez dagoela, ez behintzat Gipuzkoan ulertzen dugun bezala» airtoru digu. Horregatik, sorkuntza kolektiboari ekin zion.
Kontakizunean zehar hainbat gai landu ditu; gerra eta gerraostea, emakumeen garaiko egoera, alargunena, euskara, han euskaldun izateak zer suposatzen duen, herrien arteko berdintasun eta desberdintasunak… «Herri hauek euskarazko agenda saretzen ari dira, eta egosten ari den horren parte izatea egokitu zait, polita izan da» esan digu.
Kontakizunaren nondik norakoak kontatu dizkigu Maialen Akizu idazle eta bertsolari urretxuarrak.